Itsu zein ikusmen urritasuna dutenentzat soinu bidezko informazio sistema jarri dute Dbusen
Jada 5 eta 28 lineatan dago abian sistema; hurrengo hilabeteetan hiri osora zabalduko dute.
Itsuak diren zein ikusmen urritasunen bat duten pertsonentzako, soinu bidezko informazioa jarri dute abian Dbusen. Honela, Dbusen irisgarritasuna eta erosotasuna areagotu nahi dute. Hiru jarduera izango ditu sistemak. Bata, autobusen barruan hurrengo geltokiaren berri emango duena; bigarrena, kanpoaldean autobusa iristean, linea eta noranzkoaz informatuko duena; eta hirugarrena, informazio paneletan hurrengo autobusa heltzeko zenbat falta den azalduko duena.
Hauek denak erabiltzaileak aktibatu ahal izango du urruneko agingailu batekin. Hauek ONCEren egoitzan banatuko dituzte, bertako afiliatuentzat zein ez direnentzat.
Egun, 5 eta 28 lineatan dago abian sistema. Hurrengo hilabeteetan, linea guztietara zabalduko dutela azaldu du Mugikortasun zinegotzi Jon Albizuk.