Donostiako emakume bat dago Galizian izandako tren istripuaren eraginez hildakoen artean
Festa eguna zena dolu egun bihurtu da Galizian. Atzo, 20:42 zirela, Madrildik Ferrolera zihoan tren batek kontrola galdu eta bidetik atera zen, Santiagora iristeko lau kilometro falta zituela. 80 dira hildakoak oraingoz eta horien artean dago 45 eta 50 urte bitarteko emakume donostiar bat. Jakinarazi dute hildakoen zerrenda osoa gaueko 22:00etan emango dutela.
Oraindik ez dute eman emakume donostiarraren izena, baina, Berria.infok jakin duenez, 45 eta 50 urte bitartean zituen. Santiagora iristeko lau kilometroren faltan izan zen istripua, eta 80 hildako eta ia 180 zauritu utzi ditu, oraingoz. Madrildik Ferrolerako bidea egiten ari zen Alvia trena. Guztira, 178 lagun erietxeratu behar izan dituzte: horietatik 32 heldu larri zaurituta daude, eta berdin daude lau haur. Abiadura jo dute iturri ofizialek istripuaren arrazoi hipotetiko nagusitzat: orduko 80 kilometroko abiaduran joan ohi diren tarte batean, makinistak aitortu du 190 kilometroko abiaduran zihoala. Inputatu gisa deklaratu beharko du; dagoeneko, epaileen esku dago.
Dena den, martxan da istripuaren arrazoiak argitzeko ikerketa, trenaren kutxa beltza epaileen esku utzita. Guztira, 218 bidaiari zihoazen bertan. Hogei zauritu oso larri daude, eta litekeena da hildakoen zifrak (78 oraingoz) gora egitea. Istripuaren lekuan bertan zauritu gehiago bilatzeari utzi diote dagoeneko.
Donostiako Udalaren elkartasuna
Bestalde, donostiar bat hildakoen artean dagoela jakin aurretik, Donostiako Udalak elkartasuna adierazi nahi izan die galiziar herriari atzo iluntzean izandako tren istripu larria dela eta, bereziki, “gure hirian bizi diren galiziarrei”. Galiziaren egun nazionala dolu eguna bihurtu delako atsekabea agertu nahi izan du Udalak. Juan Karlos Izagirre, Donostiako alkateak, telegrama bana igorri du Santiagoko Udalera eta Galiziako Xuntara, une latz hauetan bere elkartasuna adieraziz, eta istripuan biktimei eta euren senideei doluminak erakutsiz.