Eliza katolikoak ondasun higiezinen gaineko zerga ordaintzeko eskatuko dute PSE-EE eta Bilduk
Laizismoaren aldeko plataformak aurkeztu zuen gaia; atzoko udalbatzarrean Bilduk eta PSE-EEk aldeko botoa eman zuten, PPk kontra bozkatu zuen eta EAJ abstenitu egin zen.
Atzoko udalbatzarrean erakunde adierazpen bat onartu zuten foru arauak aldatu eta Elizari bere ondasun higiezinen zerga kobratu ahal izateko.
Adierazpen horren arabera, legearen aurreko berdintasunaren printzipioa oinarrizkoa da demokrazian, eta herrialde eta erakunde demokratiko guztiak behartuta daude berdintasunaren printzipioa zorrotz errespetatzera.
Zerga gaietan bada herritarrekiko guztiz diskriminatzailea den gai bat, ordea. Elizaren eta Espainiako estatuaren arteko itunek salbuespen osoa eta iraunkorra ezartzen dute Eliza katolikoaren ondasun higiezinen gaineko zerga ekarpenei dagokienez, erakunde pribatu hori izan arren ondare higiezin handiena pilatzen duena.
Izugarrizko diru kopurua, gainerako herritar guztiek ordaindu behar dutena, jaso gabe geratzea dakarkie udalei Elizak duen exentzio fiskalak. Erakunde adierazpenaren arabera, egungo krisialdi ekonomiko eta sozialean, salatzeko modukoa da ondasun gehien dituen jabeak zerga hori ordaintzetik salbuetsia egotea eta dagokiona ez ordaintzea.
Iruzur fiskalak eta zerga-salbuespenak sekulako karga ezartzen diete udal kutxei, eta berdintasunaren printzipioa urratzen dute.
Arrazoi horiengatik guztiengatik PSE-EE eta Bilduk ondorengoa onartu zuten:
1.-Udalbatzak konpromisoa hartuko du erlijio sinesbideen izenean eta haiekin lotutako erakundeen eta elkarteen izenean erregistratuta dauden landa eta hiri ondasun higiezinen zentsua egiteko.
2.- Gipuzkoako Batzar Nagusiei eskatuko zaie behar diren foru-arauak alda ditzatela udalek erlijio sinesbideen ondasun higiezinen gaineko zerga kobratu ahal izateko.
3.- Udalbatza prest dago erlijio sinesbideen ondasun higiezin guztien gaineko zerga kobratzea onartzeko, behin hori ahalbidetuko duen foru-araua aldatuz gero.
4. Espainiako gobernuari eta Diputatuen Kongresuari eskatuko zaie deusezta ditzatela Egoitza Santuarekin dituzten hitzarmenak eta, bestela edo horren ondorioz, saia daitezela akordio berri bat lortzen.