Soka-dantzarekin gozatu dute Zubietan Santiago egunaren etorrerarekin
Zubietako jaiak abian dira, Santiago egunaren etorrerarekin. Hain zuzen ere, txupinazoa atzo bota zuten arren, gaur izan da egun handia. Ohiturari jarraituz, Donostiako Udaleko Txistulariek esnatu dituzte zubietarrak, dianarekin. Meza egin dute gero eta, elizkizuna amaituta, hamaiketakoa dastatu dute plazan. Soka-dantzan ibili dira ondoren, goizeko ekitaldi nagusia izan dena. Jende andana gerturatu da dantza saioa ikustera eta gozatzera.
Jarduerak jarduera, jaiak hasi besterik ez dira egin, San Inazio eguna arte iraungo baitute Zubietako festek. Asteburua, esaterako, jarduerez beteta dator: bihar, Oilasko Biltzaile Eguna izango da; etzi, olinpiadak egingo dituzte; eta igandean, Erretiratuen Egunari egokituko zaio txanda. Astelehenean, Umeen Eguna izango da; asteartean, Gau Pasa Eguna; eta asteazkenean, jaiei amaiera ipintzeko, San Inazio eguna. Astearte gauean, aipatutako gau pasa egunean, bi kontzertu handi egingo dituzte gauerdian: Berri Txarrak eta Betagarri taldeek joko dute Zubietan.
- Bi dantzari, atzo, Zubietako plazan. (Argazkia: Aritz Sorzabal)