"Dei egiten diegu, behin bakarrik bada ere, Igeldora etorri eta aurpegia ematera"
EAJ, PP eta PSE-EEri leporatu die Igeldora joan eta euren proposamenak defendatzeko gai ez izatea.
Igeldoko desanexioaren inguruan azken asteetan gertatutakoaren harira prentsaurrekoa egin du Itxas Aurre elkarteak. PP, EAJ eta PSE-EEren jarrera eta jokaera “agerian” geratu dela uste du: “Igeldon galdeketa egitearen aurka daudela espresuki esatea saihestu nahi izan badute ere, errealitatea nabarmena da: ez dute galdeketa bera ere egiterik utzi nahi”.
Igeldotarren iritzia plazaratua izan dadin ekiditeko hiru alderdiek estrategia komun bat adostu dutela salatu du:”1995. urtean Igeldok erreferendum bidez adierazitako borondatea ez zuten errespetatu; eta 2013. urtean galdeketa bera ere debekatu nahi dute, horretarako edozein bitarteko baliatuta”.
Galdeketa ekiditeko PPk Carlos Urquijo Espainiako Gobernuaren ordezkariaren “debeku eta sasi-mehatxuak” erabiltzeari ekin diola esan du. Beste hainbat galdeketekin berdin jokatu ez izateagatik harridura agertu du elkarteak: atez ateko sistema eta Extremadurako udalerri bateko galdeketa jarri ditu adibide gisa: “Nola uler daiteke Extremaduran, aurten, Guadiana del Caudillo izena duen udalerri berri bat sortu izana, erreferendum bat barne, eta han ezer ez gertatzea? Zein izan behar da beraien hurrengo pausua? Igeldoko desanexioa defendatzeagatik espetxe zigorra ekarriko duen delitu berri bat Kode Penalean sartzea?”.
PSE-EEri, berriz, Igeldoko galdeketaren aurka agertzeko interesak zeintzuk diren galdetu dio: “PSE-EEk Gipuzkoako interes estrategikoa herritarren borondatearen gainetik dagoela esaten digu. Zer nolako interesei buruz ari dira?”.
EAJri Trebiñoko galdeketaren alde agertzea, eta Igeldokoaren aurka agertzea egotzi dio: “Goia eta Egibar jaunak Urquijotik gertuago daude bere alderdiko Arabako burutik baino, edo Agirre jauna gezurretan zebilen? Igeldoko gaian, PP eta PSE-EE alderdiekin bat egiteko EAJk hartu duen erabakiak txunditurik utzi gaitu. ¿Non gorde dituzte hain berezkoak omen dituzten printzipio demokratiko horiek?”.
Igeldo “alderdikeriak eta interes elektoralistak defendatzeko jostailutzat” erabili nahi dutela salatu du Itxas Aurrek: “Axola zaien gauza bakarra Bilduren gobernuak desgastatzea da, eta horretarako prest daude elkarrekin eskutik emanda joateko eta herri-galdeketa bat debekatzeko; beraiek orain hilabete gutxi antzeko herri-galdeketak exijitu, defendatu eta egin dituztenean. Nahikoa da”.
Galdeketa eskubidea zergatik ukatu nahi dieten azaltzeko eskatu die: Dei egiten diegu, behin bakarrik bada ere, Igeldora etorri eta aurpegia ematera. Azaldu diezagutela zergatik ukatu nahi diguten galdetuak izateko dugun eskubidea, zeintzuk diren beraien posturak, argudioak eta datuak”.
EAJ, PP eta PSE-EEri leporatu die Igeldora joan eta euren proposamenak defendatzeko gai ez izatea: “Guretzat deszentralizazio bat defendatzen dutela diote, baina ez dira inoiz gai izan Igeldora etorri eta beraien proposamena defendatzeko. Nahiago dute dekretuz inposatzea”.
Inolako argudiorik ez dutela, eta hortik abiatuta, “gezurrak esateko eta herritarrengan beldurra sortzeko hautua” egin dutela uste du Itxas Aurrek: “Kanpaina propagandistikoa erabiliz, autobusik gabe edo eta medikurik gabe utziko gaituztela tamaina bereko tontakeriak esan dituzte”.
Itxas Aurrek Igeldoko herritarren gehiengoaren iritzia mahai gainera plazaratzeko borondate irmoa dutela adierazi du, galdeketa debekatzen badute ere: “Lehenago egin dugu eta, beharrezkoa bada, berriro egingo dugu, hainbati atsegin ez bazaio ere”.