Mehatxu eta eraso sexistak salatu dituzte Garazi Rodriguezek eta Maialen Elduak
2009an atxilotu zituztenean torturak salatu zituzten biek, eta gaur hasi den epaiketan ere orduan jasandako tratu txarrak azaldu dituzte, epailearen aurrean.
Amarako Eihar Egañak eta Parte Zaharreko Aitziber Arrieta gazteek ere deklaratu dute gaur Auzitegi Nazionalean, lehen saioan.
Kamiseta laranja eta ‘Libre’ leloa soinean sartu dira 40 gazte auzipetuak Madrilgo Auzitegi Nazionalean. Gaur hasi da gazte mugimenduaren aurkako epaiketarik handiena. Segiko kide izatearen akusaziopean, seina urteko kartzela zigorra eskatu du fiskalak.
Epaiketa hasi bezain laster protesta egin dute gazteek. Eserlekuetatik altxa, puxika laranjak puztu eta aireratu egin dituzte. Luis Goñiren atxiloketa salatu eta herri harresiaren dinamika aldarrikatu dute. Epaileak kanporatu egin ditu, eta minutu batzuk geroago ekin diote berriz epaiketari. Soilik defentsaren galderei erantzun diete; beren militantzia politikoa epaitu nahi dutela salatu dute epailearen aurrean.
Sei auzipetu donostiar daude epaiketa honetan: Garazi Rodriguez (Gros), Asier Coloma (Parte Zaharra), Mikel Eskiroz (Intxaurrondo), Maialen Eldua (Egia), Eihar Egaña (Amara) eta Aitziber Arrieta (Parte Zaharra). Gaur Aitziber Arrietak, Garazi Rodriguezek, Maialen Elduak eta Eihar Egañak deklaratu dute.
Tortura salaketak egin dituzte auzipetuek, eta une gogorrak bizi dituzte deklarazioan. Elduak eta Rodriguezek bortxaketa mehatxu eta eraso sexistak salatu dituzte.
Aitziber Arrieta izan da lehendabizi deklaratu duen donostiarra. “Beste eredu batean sinesten dugulako gaude hemen” esanaz hasi du deklarazioa. Polizia deklarazioa tratu txarrekin buruz ikasarazi ziotela esan du. Torturatu egin zutela azaldu du: “Etxetik irten orduko hasi ziren tratu txarrak”. Ofizioko abokaturik ere ez zuen izan poliziaren galdeketetan. Ariketa fisikoa eginarazi ziotela esan du, erori arte: “Ileetatik tiratzen zidaten eroritakoan, jo…”. Lo egiten ere ez zioten utzi. Arrietak esan du auzi medikua pasatu ondoren egiten zirela zirela galdeketak beti: “Medikuari ez nion dena kontatu, ondorioak zituelako”. AHTri buruzko bideo bat, Donostiako piraten ekitaldi bat eta Segi legez kanporatzen hasi zirela salatzeko manifestazio baten inguruan galdetu diote.
Garazi Rodriguezek epaiketaren izaera politikoa salatzen saiatu da epaiketan, baina epaimahaiburuak isilarazi egin du. Poliziaren aurrean egin zuen deklarazioa ez duela berresten esan du, tortuta salaketa egin zuela. Gurasoen etxetik Donostiara antifazarekin eta estu lotutako eskuburdinekin eduki zutela azaldu du: “Donostian esan zidaten hobe nuela han deklaratu, Madrilen ‘txarrean’ egin beharko nuelako”. Erabat biluztu zutela, eta hizketan hasi ezean bortxatzeko mehatxuekin hasi zirela salatu du: “Titiak ikutzen hasi zitzaizkidan. Bortxatu egingo nindutela garrasika”. Ikaratuta egon zela kontatu du: “Egundoko beldurra neukan. Bizian ez nuen halakorik pasatu”.
Maialen Elduak ere deklarazio poliziala mehatxu eta presiopean egin zuela esan du. Berari buruz ikasi arazi zioten deklarazioa, eta bortxaketa mehatxuak ere izan zituen.
Eihar Egañak deklarazio poliziala ukatu du, mehatxupean egin zuela salatuta. Etxean bertan esan zioten Madrilen “infernua” ezagutuko zuela. Madrilera bidean gelditu, eta pistolarekin punteria ona zuela esan zion polizia batek. Bere ama ia ia hil zutela esan zioten Egañari, dena okerrera joango zela. Salatu du atxilotu zuten poliziek beraiek eman zizkiela tratu txarrak. Auzi medikuari ezer gutxi kontatu ziola esan du, ate atzean poliziak zeudela jakitun. Egañak ez zuen tortura salaketarik jarri, mehatxu egin ziotelako: espetxean edo kalean gorriak ikusiko zituela esan zioten.