Ekonomia suspertzeko planak 544 lanpostu sortu ditu
Sustapenaren webgunean ikus daitezke.
Apirilean jarri zuten abian plana eta dagoeneko helburuen %50a beteta, 1.085 lanpostu sortzea du helburu.
Sustapenak garatutako planak 6’5 milioi baino gehiago bideratuko ditu hiriko ekonomia suspertzeko. Hiru ildo nagusi jorratuko dituzte: jarduera ekintzailea, herritarren lan merkaturatzea eta enpresen lehiakortasuna hobetzea. Josu Ruiz, garapen ekonomikoko zinegotziaren arabera, “auzoz auzo garatutako plana da eta oso emaitza onak ematen ari da”.
–Jarduera ekintzailea: Enpresa edo jarduera berrientzako arreta eta laguntza zerbitzua jarri dute abian. Dagoeneko 800 pertsona baino gehiago joan dira informazioa eskatzera. Horietatik, ia bostehunek prestakuntza jardueraren batean parte hartu dute, eta 168 enpresa berri sortu dira, gehienak merkataritza eta ostalaritza arloetakoak.
Bestalde, enpresa berriak sortzeko laguntzak ere eman dituzte. Gehienak enpresa txikiak, langile gutxiko mikroenpresak direla argitu du Euken Sese, Sustapeneko zuzendariak. Laguntza horietarako aurrekontua 300.000 eurokoa zen, baina eskaera handia denez, aurrekontua igotzea aztertzen ari dira.
–Lan merkaturako sarrera: Langabeei laguntzea da Ekonomia Suspertzeko planaren helburu nagusia. Horretarako, kontratazio laguntzak ere eskaini dituzte, lehentasunezko taldeen kontratuei hobariak emanez. Talde horietan leudeke, langabezia egoeran dauden emakumeak, iraupen luzeko langabeak, 45 urtetik gorako pertsonak edo gizarte bazterketan daudenak, besteak beste. Dagoeneko ia 300 eskaera jaso dituzte.
Ostalaritzaren eta merkataritzaren esparruan, sektoreko elkarteekin eta Altzako Auzoa elkartearekin sinatutako hitzarmenei esker, 126 kontratu egin dira.
Eusko Jaurlaritzak baztertze egoeran dauden taldeentzat Eskualdeko Enplegu Planaren bidez finantzatu duen Enplegu eta prestakuntza programari esker, beste 40 kontratazio egin dira pintura eta garbiketa espezialitateetan.
–Enpresen lehiakortasuna: Enpresei bizirik irauten, handitzen edo hobetzen laguntzeko laguntzak dira hauek. Horretarako, hainbat jarduera jarri dira abian: enpresa txiki eta autonomoentzako laguntzak, talentu berritzaileen programa, nazioartekotze bekak, edo lokalen alokairuentzako hobariak ematea, adibidez.
Urritik abendura hainbat hitzaldi eta tailer eskainiko dituzte, Altza, Bidebieta, Egia, Intxaurrondo, Loiola eta Martutenen. Jardueren data eta argibide guztiak