Iñaki Irurtia, Axier Jaka eta Txema Hernandez. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Hiriko mapa elektromagnetikoa aurkeztuko dute bihar eta etzi (urriak 16 eta 17) gaiaren inguruan egingo dituzten jardunaldietan.
Udalak Cristina Enea fundazioarekin batera antolatu ditu Eremu elektromagnetikoak eta osasuna jardunaldiak. Eskuko telefonoek eta antenek sortzen dituzten guneak dira eremu elektromagnetikoak eta herritarrengan ere kezka ugari sorrazten duen gaia da azken aldian. Axier Jaka, ingurumen zinegotziaren hitzetan, “puri-purian dagoen gaia da, eremu elektromagnetikoek osasunarengan izan dezaketen eragina kezka iturri baita”. Horregatik, jardunaldien garrantzia azpimarratu du Jakak, gaia hainbat ikuspegitatik lantzeko aukera emango dutelako.
Gainera, Donostian egin duten azterketa baten lehen emaitzak ere aurkeztuko dituzte jardunaldien baitan. Ekainaren 14, 15 eta 16an egin zituzten neurketak telefonia antenetatik hurbil dauden hainbat eremu publikotan.
Eremu elektromagnetikoak Donostian
140 antena daude Donostian. Adituek azaroaren bukaeran emango dituzte hiriko eremu elektromagnetikoen inguruko datu zehatzak. Baina gaur aurreratu dutenez, Grosen daude igorgailurik gehienak, eta auzoko zenbait gunetan, bereziki goialdean dauden eremuetan, nabarmen gainditzen dira gomendatutako mailak. Hori bai, maila horiek Espainiako lege araudiaren barruan daude.
Iñaki Irurtia, ingurumen zuzendariak azaldu duenez, Europako Kontseiluak zentimetro karratuko 0’1 mikrovatio ez gainditzea gomendatzen du. Espainiako legediak berriz, 450 mikrovatiotan ezarria du muga. Dena dela, diferentzia horren barruan, hiriko eremu elektromagnetikoek oso kasu gutxitan gainditzen omen dute 2 mikrovatioko muga.
Ildo horretan, Axier Jakak gogorarazi du otsailean udalbatzak erakunde adierazpen bat onartu zuela aho batez, Europako Kontseiluak 2011ko maiatzean onartutako 1.815 ebazpenari atxikitzeko. Ebazpen horren arabera, zuhurtzia printzipioa aplikatu behar da balorazio zientifikoek ezin dutenean zehazki mugatu zein den eremu elektromagnetikoen benetako arriskua. Duela urtebete Antenarik Ez! taldeak ere 7.400 sinadura bildu zituen egun indarrean dagoen ordenantza 1.815 ebazpenari egokitzeko eskatuz.
Izan ere, Iñaki Irurtiak adierazi duenez, egungo ordenantza zaharkitua dago. Zentzu horretan, Jakak esan du, ordenantzak hirigintza irizpideei bakarrik egiten diela erreferentzia, eta aldaketekin prebentzio irizpideak eta herritarren segurtasuna bermatu beharko liratekeela. “Helburua eremu elektromagnetikoen aurrean babestuago dagoen hiri bat lortzea da, telekomunikazio zerbitzuak eta pertsonen osasunaren babesaren arteko oreka bilatuz”, esan du Jakak. Horretarako, marko juridiko bat lantzea beharrezkoa izango dela ere azpimarratu du ingurumen zinegotziak.
Eremu elektromagnetikoak eta osasuna jardunaldiak
Bihar eta etzi (urriak 16 eta 17) egingo dituzte jardunaldiak udaletxeko udalbatza aretoan, 19:00etatik aurrera. Txema Hernandez, Cristina Enea fundazioako zuzendariak argitu duenez hainbat adituk ikuspegi ezberdinetatik jorratuko dute gaia. Tartean izango dira abokatu, biologo, teknikari eta medikuak ere.
–
Urriak 16, asteazkena:
-Maria Jesus Azanza: Eremu elektromagnetikoak eta balizko efektu kantzerigenoak.
-Raul de la Rosa: Eremu elektromagnetikoen neurketak Donostian.
-Alberto Arrate, abokatua: Telefonia mugikorrarentzako antenen kokapena arautzeko udal jarduerak eta Europar batzordeko 1.815 ebazpena.
–
Urriak 17, osteguna:
-Jose Luis Bardasano: Telefonia mugikorraren antenak eta ardura printzipioa
-Pedro Costa: Telekomunikazio zerbitzuak Donostian eta esposizio mugei
buruzko Europako gomendioak.