Auto istripuz hildako mendizaleak omenduko dituzte
Vasco de Camping mendi elkarteak omenaldi bat antolatu du hilabete hasieran auto istripuz hildako mendizaleen oroimenez. Omenaldia azaroaren 9an izango da, 11:30ean, Egiako Parkean. Andoni Areizaga, Joxi Hernandez eta Iñaki Cuellar mendizale donostiarrak eta Bernard Doumerq Labennen (Frantzia) hil ziren, hilabete hasieran; Txiletik etxera bueltan zetozen laurak, hilabeteko espedizio baten ostean.
Vasco de campingeko kideen esanetan, “solaserako hitzordua” izango da azaroaren 9koa; “ahal den neurrian elkarrekin bizi izandako zenbait momentu alai birbizitzeko. Malkoak eta bihotzaren tristura saihesteko. Oroitzapenen diztirak iluntasuna uxatzeko”. Gainera, mendizaleen oroimena gordetzeko blog bat sortu dute, eta euren lagunei bertan parte hartzeko deia luzatu die klubak.