Erabiltzaile bat autobusera igotzen. (Argazkia: Mikel Goñi)
Zerga eta tasen ez ohiko udalbatzarra amaitu da. Eztabaidatzeko aukera izan dute udal taldeek, puntuz puntu, eta, agerraldiak bukatuta, zerga eta tasa bakoitzari zegozkien emendakinak eta testuak bozkatu dituzte. Ordenantza berriaren ezaugarri nagusiek udal gobernuaren eta PSE-EEren arteko akordioan dute oinarri. Ordenantzaren nondik norakoen berri eman dute udalbatzarrean bertan.
Autobus bidaien prezioak, esaterako, ez duela igoerarik izango aurreratu du Ogasun zinegotzi Nekane Burutaranek. 2014ko apirila bitartean behintzat izoztuta geratuko dela jakinarazi du, hilabete horretan Garraioaren Erakundeak hartuko duen erabakiaren zain.
Alokairua sustatzeko helburuarekin, berriz, urtean 90 egun hutsik dagoen etxea bigarren edo udako etxebizitza bezala sailkatuko dutela esan du Burutaranek. Ondorioz, egoera horrek dakarren zerga aplikatuko diete jabeei.
Terrazei dagokienez, bide publikoan gauzak pilatuta uzten dituzten ostalaritza negozioei zergan %15eko igoera aplikatuko dietela jakinarazi du.
OTA sistemari dagokionez, egoiliar tarifa izoztuko dute (Gascok esan duenaren arabera, errotazioko tokien %70a hartzen dute egoiliarrek).
Zaborren tasetan ere egongo da aldaketarik. Konposta egiten dutenei zerga merketuko dietela esan du Ogasun zinegotziak. Uraren tasari dagokionez, gutxiago ordainduko dute etxeko erabiltzaileek eta gehiago ura erabilera profesionalerako erabiltzen dutenek.