Euskara izango da hurrengo mugarriaren ardatz
Suhaietatik.com webgunea ere jarriko dute abian, lanaren osagarri gisa.
Juan Karlos Izagirre alkatearen arabera, euskarak bideratutako ibilbidea da gaur aurkeztu dutena. “Itzurun, Hirutxulo, kaxkarinak, koxkeroak…izen asko izan dituzte Donostiak eta donostiarrek; duela 200 urte euskaraz egiten zen Donostian, eta bide horretan lanean jarraitu beharra daukagu duela bi mendetako hitza itzal ez dadin”.
Zentzu horretan, Ander Iturrioz Idazleen elkarteko kidea ere argia izan da. Bere hitzetan, “krisiak ezin du egitura kultural oso bat mehatxatzeko eta suntsitzeko aitzakia izan; gogoeta eskatuko nieke erakunde eta eragileei euskarazko sormena babesteko orduan egiten duten ahaleginaren inguruan”.
Euskararen bilakaera
Hurrengo mugarria euskaraz bizitzeko aldarria izango dela adierazi du Izagirrek. Gogoan izan ditu, izenak gazteleraz jartzeko agindua, ikastolen sorrera, euskaltegiak eta idazleek euskaraz sortzeko hautua, besteak beste. Izan ere, Su haietatik hitz hauek liburuxka atzera begirako bat da, baina baita etorkizunari begirako bultzada bat ere. Horretarako, herritarren parte hartzea bultzatu nahi dute, bai webgunean ekarpen pertsonalak jasoz eta baita abenduaren 3ra bitartean antolatu dituzten jardueren bitartez ere.
Aritz Gorrotxategi idazlea izan da liburuxkaren egilea. Bertan euskara eta Donostia eskutik joan direla eta doazela adierazteko hamaika datu, pasarte eta gertaera bildu ditu: bisitari ospetsuek euskarari buruz idatzitakoak, donostiar idazleek aipaturikoak, bertsolaritza edota euskal antzerkigintzaren presentzia eta garrantzia Donostian, euskarazko publizitatea, prentsa edota kantagintza, ikastolen sorrera eta abar. Horrez gain, euskararen normalizazioarekin zerikusia duten gertaerak ere bildu dituzte: euskararen beharra hainbat lanpostutan, euskararen aurkako zentsura, kale izenak euskaraz eta abar.
Hortaz gain, liburuak badu ukitu literario eta artistiko bat ere. Alde batetik egungo hamar idazle donostiarren testuak jasotzen dira, Joan Mari Irigoien, Arantxa Urretabizkaia, Ramon Saizarbitoria, Itsaso Araque eta Itxaso Martin horien artean. Eta bestetik, argitalpen honetarako Arkaitz Barriolak propio egindako hainbat ilustrazio ere ageri dira.
Webgunea eta erakusketak herritarrek parte hartzeko
Suhaietatik.com atariak bi atal izango ditu jendearen ekarpenak jasotzeko. Batetik ‘Hitzen mapa’ atalean, euskararekin lotura izan duten Donostiako gertaera garrantzitsuak jasoko dituzte, eta horretarako jendearen parte hartzea eta ekarpenak garrantzitsuak izango dira.
Bestetik, herritarrei ere euskara sustatzeko aukera emango zaie. Edonor euskararen aldeko urrats bat ematera animatu nahi dute; “Jarduera xumea izanik ere, euskara sustatzeko eraginkorra izan daiteke oso, egunero-egunero hartzen eta aurrera eramaten diren erabakiak baitira hizkuntza indartzeko garrantzitsuenak”, esan du Aritz Gorrotxategik.
Gainera, gaurtik aurrera Alderdi Ederreko Udal Liburutegi Nagusian eta Gipuzkoako Campusean; Carlos Santamaria zentroan, erakusgai egongo dira bai webgunea, liburuxka eta baita liburuxkarako egindako ilustrazioak ere, abenduaren bukaera arte. Aurrerago kultur etxeetara ere zabalduko dute erakusketa ibiltaria, astero kultur etxe batean egongo delarik.
Liburuxkaren 4.600 ale banatuko dituzte doan hiriko ikastetxe, kultur etxe, euskaltegi eta beste hainbat leku publikotan.
Azken 200 urtean euskarak Donostian izan duen garrantzia eta bilakaera jasoko ditu Bigarren Mendeurrenaren 11. mugarriak. Euskara zerbitzuak eta Euskal Idazleen Elkartearen elkarlanez Su haietatik hitz hauek liburua argitaratu dute, eta