Naiara Sampedro eta Europako hizkuntza gutxituen topaketan parte hartzen ari diren gazteak. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Euskal Herria, Italia, Georgia, Mazedonia eta Bulgariako gazteak ari dira hizkuntza gutxituen inguruko hausnarketak biltzen.
Bost herrialdetako 37 gazte elkartu eta bakoitzak bere hizkuntzaren egoera jarriz mahai gainean, hizkuntza gutxituen inguruko ondorio orokorrak biltzen saiatu dira. Kaebnai erakundeko kideak dira euskal ordezkariak, europako beste erakunde batzuekin batera, Eurolanguages egitasmoa abian jarri dutenak.
Naiara Sampedro gazteria zinegotzia gazteekin bildu da gaur, eta egiten ari diren lanaren garrantzia azpimarratu du. Bere hitzetan, “hizkuntza zaharrek etorkizun luzea izatea dute helburu horrelako egitasmoek; bakoitzak bere errealitatea du, baina aniztasuna aberatasuna da, eta filosofia horri eutsiz lanean jarraitu behar dugu. Izan ere, hizkuntza, gure kasuan euskara, ezagutzen bada maitatzen da, eta maite bada babesten da”.
‘Eurolanguages, Europa handi bateko hizkuntza gutxituak’ topaketako parte hartzaileak aste bete egongo dira elkarrekin, urriaren 30a arte. Dena den, nazioarteko topaketa hau amaitzeko egun batzuk falta badira ere, lehen ondorio batzuk plazaratu dituzte dagoeneko.
Hizkuntza gutxituen inguruko ondorioak
Gainerako guztien izenean, Kaebnai taldeko kideek eman dituzte lehen ondorioak. Tokian tokiko egoera ezberdina bada ere, ondorio orokor hauek hizkuntza gutxitu guztiei eragiten dietela adierazi dute:
-Hizkuntza gutxituen babeserako eta normalizaziorako beharrezkoak dira jarduera zuzenak: mintegiak, boluntarioen lana,…
-Administrazioko langileek bertako hizkuntza jakitea beharrezkoa da.
-Hizkuntza egunero erabiltzeak biziraupena ziurtatzen du.
-Hizkuntza da komunitateek, nazioek eta estatuek duten gauzarik garrantzitsuena.
-Munduko hizkuntza guztiak errespetatu behar dira.
-Hizkuntza gutxituak aniztasunerako atea dira. Ildo horretan, geure burua eta beste kulturak ezagutzeak elkarren arteko ulermena ahalbidetzen dute. Hots, toleranteago izatea dakar, tokian tokikoa globalarekin batzea ahalbidetuz.
-Hiztunek beren hizkuntza erabili, mantendu eta zabaltzeko duten erantzunkizuna ulertu behar dute. Hizkuntza gutxituak gaur egun ere erabilgarriak direla sentitu behar dute, alegia.
-Euskalkien kasuan, idazkera sistema bat garatu behar dute hizkuntza bateratu bat sortuz, hezkuntzan, administrazioan eta eremu formaletan erabiltzeko; erakundeen aitortza eta babesa beharrezkoak dira.
-Kultur eta hizkuntza guztiak errespetatu behar dira, elkarren arteko gatazkarik sortu gabe.
-Hizkuntza gutxituak iraganeko hizkuntza politika ankerren ondorioak pairatzen ari dira.
-Garrantzitsua da beste hizkuntza gutxituen komunitateekin harremanak sendotzea, batetik isolamendu sentipenak baztertzeko, eta bestetik, globalizazioaren erasoei aurre egiteko.
-Gobernuek nahi duten hizkuntzan hitz egin, ikasi eta komunikatzeko eskubidea bermatu behar diete herritarrei, eskoletan hizkuntza gutxituak ikasteko planak sustatuz.
-Hizkuntza guztiak garrantzitsuak dira, kultura, historia eta pertsonen nortasuna islatzen dutelako. Hizkuntza bat hiltzen den bakoitzean nortasun bat hiltzen da.