Zerga eta tasen arloan PSE-EErekin lortutako akordioengatik pozik azaldu da udal gobernua
Tasa eta zergei buruzko ez ohiko udalbatzarra egin dute gaur udaletxean, lau orduz, eta udal gobernuak ordenantza fiskalak osatzeko garaian kontutan hartu dituen irizpideak azaldu ditu. Ogasun zinegotzi Nekane Burutaranek hartu du hitza lehenengo, eta agintean daramatzaten bi urteetan Bilduren filosofiak emaitzak ekarri dituela nabarmendu du. “Ez gara zenbaki hutsez ari bakarrik, herritarrak daude erabakien atzean. Zerga politikak balio behar du pertsonen beharrei erantzuteko”, zehaztu du, eta udal gobernuaren oinarriak aipatu ditu: zerbitzu publikoak bermatzea, gastu eta sarreren arteko oreka zaintzea eta gutxien dutenek gutxiago ordaintzea.
PSE-EEk erakutsitako jarrera txalotu du, euren arteko ulermenak tasen eta zergen arloan akordioak lortzea ahalbidetu duelako. “PSE-EE alderdi arduratsuena izan da. Urrutiago iritsi ahal ginen, etxebizitza hutsei aplikatu beharreko zergetan esaterako, baina pozik gaude emaitzarekin”, esan du.
Bilduko bozeramaile Josu Ruizek ildo berean hitz egin du. Tasa eta zergen garrantzia aipatu du, udalaren sarreren %50 bertatik etortzen direlako. “Pozik gaude lortutakoarekin. Zorionez, elkar ulertu dugu; PSE-EErekin, batez ere. Jarrera aurrerakoia erakutsi dute”, aitortu du. “Donostiak fiskalitate justu eta aurrerakoi bat izango du gaurtik aurrera”, erantsi du.
PSE-EEko bozeramaile Ernesto Gasco ere pozik agertu da lortutako akordioekin. “Alderdi guztiekin bozkatu dugu, inongo arazorik gabe, betiere Donostiaren onerako”, esan du. 77 emendakin aurkeztu dituztela jakinarazi du. “Esfortzu izugarria egin dugu. Helburua justizian oinarritutako lan hoberena egitea zen. Eskertzekoa da PP eta Bilduren jarrera hitz egiteko garaian; ez, ordea, EAJrena”, adierazi du.
PPko bozeramaile Ramon Gomezek, berriz, ez du begi onez ikusi udal gobernuaren eta PSE-EEren arteko “hitzarmena”. PPk tasa eta zergen izoztea dela irtenbidea esan du, eta uztaileko KPIa (%1,5) kontutan hartzea “dirua biltzeko” xede hutsarekin egin dutela berretsi du, hurrengo hilabeteetan KPI indizea txikiagoa zela argudiatuta. “Donostiarren poltsikoa puskatzen ari zarete, dirua biltzeko asmoarekin. Gainera, gero ez dakizute diru hori zertan gastatu”, kritikatu du.
EAJko bozeramaile Eneko Goiak, bere aldetik, ez du inolako kritikarik egin udal gobernua eta PSE-EEren artean lortutako akordioak direla eta, “jokoaren arauen barruan sartzen direlako”. Hori bai, eurak ere akordioetara irekita egon direla argitu du, eta udal gobernuarekin hitz egin dutela azpimarratu. PSE-EErekin, ordea, ez dutela hitz egin esan du, “ez baitugu euren aldetik interesik jaso gurekin akordioetara heltzeko”. Hortaz, Gascori erantzun dio ez dezala kontrakoa esan. Jeltzaleen proposamenari dagokionez, udal gobernuak aldarrikatutako ardatz horiek guztiak ere posible zirela euren oinarriekin nabarmendu du Goiak. “Kontentzio esfortzu bat egin zitekeen”, erantsi du.