Uztaileko konponketak, Argazkialarien elkartearen ondoan. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Debekatuta egongo da Pasealeku Berrira sartzea, eta hala egiten duenak isuna jasoko du.
Ez da albiste berria Pasealeku Berrira harriak erori direla, edo luiziak gertatu direla Urgulleko magalen batean. Areago, erorketa horiek geroz eta maizago gertatzen dira eta geroz eta harri handiagoak gainera. Ondorioz, udal gobernuak Urgull inguru osoan konponketak egitea erabaki du, eta lanek irauten duten bitartean Pasealeku Berria erabat itxita egongo da. Nora Galparsoro, Hiri Azpiegitura eta Zerbitzuetako zinegotziak esan duenez, “Pasealeku Berria ixteko erabakia hartzea ez da erraza izan. Badakigu leku hau donostiarrentzat oso garrantzitsua dela, eta turistentzat ere jomuga ohikoena. Baina arduraz jokatu behar dugu eta arazo honi erabateko irtenbidea emateko unea iritsi da”.
Lanen proiektuak idazten ari dira, eta abenduaren 20ko Tokiko Gobernu Batzordean esleitzea espero dute. Galparsororen arabera, izapideek uzten duten azkarren ari dira lanean, eta otsailean lehen konponketak egiteko moduan egotea espero dute. Amaiera data, berriz, eguraldiaren araberakoa izango omen da, baina ekaina bukaerarako lanak bukatzea espero dute. Guztira, 1,2 milioi euro kostako da Pasealeku Berriko egoerari irtenbidea bilatzea, baina “lehentasunezko beharra” dela azpimarratu du Galparsorok. Aurten izan diren luiziak konpontzen 1’5 milioi euro gastatu dituztela ere esan du azpiegitura zinegotziak, eta gastu horiei aurre egiteko beste administrazio batzuekin harremanetan jarri omen dira.
Alfonso Vazquez eta Nora Galparsoro. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Debekua eta isunak
Pasealeku Berrira sartzea guztiz debekatuta egongo da, eta hala egiten duenak “bere ardurapean” egingo duela adierazi du Nora Galparsorok. Gainera, hesiak pasatzeagatik 600 euro arteko isunak jarriko dituzte, eta hesiak mugitu edo aldatzeagatik 3000 euro arteko isunak. Horrenbestez, Galparsorok arduraz jokatzeko deia egin die herritar eta bisitari guztiei.
Orain behin behineko hesiak jarri dituzte, baina laster behin betikoak jarriko dituzte, giltza batekin irekitzen diren hesiak. Izan ere, badira Pasealeku Berrira sartu ahal izango diren kasu zehatzak. Aquarium, Bokado jatetxea eta Orixe ikastola, hain zuzen ere. Hiru toki hauetara iristeko, janariak eta bestelako lehengaiak eramateko Pasealeku Berritik joaten dira ibilgailuak, Parte Zaharreko eskailerak ez igotzeagatik. “Sarrera hauek ezinbestekoak dira, eta kontrolatuak egongo dira”, adierazi du Alfonso Vazquez, Obretako zuzendariak.
Lanen nondik norakoak
Vazquez bera izan da lanen nondik norakoak azaldu dituena. Hiru zatitan banatu dute Pasealeku Berria: Argazkilari elkartetik biribilguneraino, Biribilgunetik Oteizaren eskultura dagoen tokiraino, eta eskulturatik Aquariumeraino. Lehenengo eta hirugarren zatiak dira arazo gehien sortzen dituztenak, itsaslabarra izanik luizi eta harri erorketa gehien izaten diren eremuak baitira.
Eremu hauek aztertzen ari dira eta aurrerapen teknologikoei esker, lur eta harri mugimenduak aurreikus ditzakete, eta hauei aurre egiteko neurri egokienak zehaztu. Argazkilarien Elkartean udan egin zituzten antzeko konponketak egingo dituzte gainerako eremuetan ere. Urgull mendiaren goialdean hesiak jarriko dituzte. Bestalde, sare batzuk itsatsiko dizkiete itsaslabarrari, lurra eta harriak mugitzea ekiditeko, eta mugituko balira erortzen ez uzteko. Beharraren arabera, sare horiek beheraino edo erdi pareraino iritsiko lirateke.
Lan hauek guztiak egiteko garabi handi batzuk jarriko dituzte pasealekuan, beraz, eguraldi iragarpenei adi lan egin beharko dutela adierazi du Vazquezek.