Jarraipen eta Aholkularitza Batzordeak Donostia 2016ren aurrerapenak txalotu ditu
Azpimarragarritzat jo du proiektuaren gobernantza partekatua indartu izana; Donostiako Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak eta Kultura Ministerioak osatzen dute Fundazioa.
“Batzordea harrituta dago Donostia 2016k izendapenaren osteko bileratik egindako aurrerapenekin eta ziur dago berriki Fundazioan lanean hasi diren lagunek DSS2016 proiektua aurrera eramateko behar den eskarmentua, ezagutza eta grina dituztela”. Hitzez hitzezko esaldi honekin hasten da Bruselako Kultur hiriburutzen Jarraipen eta Aholkularitza Batzordeak prestatu duen lehen balorazio txosten ofiziala, pasa den urriaren 15ean Juan Karlos Izagirre Donostiako alkate eta 2016 Fundazioaren presidentea buru zuen Donostia 2016ren ordezkaritza batek aurkeztutako txostenaren erantzun moduan datorrena.
Egindako aurrerapenen artean, Batzordeak azpimarragarritzat jo du proiektuaren gobernantza partekatua indartu izana; Donostiako Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak eta Kultura Ministerioak osatzen dute Fundazioa. Aurrekontuari dagokionez, Batzordeak gogoratzen du Espainiako gobernuaren babesak “ez duela esan nahi hark programa artistikoaren edukia gainbegiratzeko eta are gutxiago erabakitzeko ahalmena duenik”.
Kultur programa
Batzordeak txostenean aipatzen duenaren arabera, Europako Kultur Hiriburutzaren programa artistikoak eta komunikazioak ziurtatu egin behar dute “hiria eta herritarrak” eta “europar dimentsioa” irizpideak behar den bezala helduko direla, proiektua soilik tokikoei zuzendutako euskal kulturaren ospakizun bat izan ez dadin, edo, Batzordeak dioen bezala, “edozein tropismo mota saihets dadin”.
Jarraipen eta Aholkularitza Batzordeak aipatzen duenaren arabera, “kultur programaren fokua ondorengo honetan jarri beharko litzateke: Europako lurraldeetan dauden kultura eta hizkuntza gutxituen aberastasun eta aniztasunari buruzko kontzientzia sortzean, Europan”. Ildo horretan, Batzordeak gonbidapena egiten dio Donostia 2016ri, Leeuwardenekin, duela gutxi 2018ko Europako Kultur Hiriburu aukeratu duten hiriarekin lankidetza aukerak aztertzeko, bereziki kultura eta hizkuntza gutxituei dagokienez. Eta baita irlandar bazkideekin ere bereziki Derryrekin, 2013ko Kultur Hiria denarekin, “kultura erabiltzeko indarkeria gainditu eta elkarbizitza sustatzeko tresna gisa”.
Bestalde, Europa osotik datozen bisitarien interesak gora egin dezan, Donostia 2016ren taldeari zera eskatu dio Batzordeak, 2015eko otsailerako Espainiar eta Europako turistentzat pakete turistiko erakargarriak izango dituen programa artistikoa ixteko.
Partaidetza eta aurrekontuak
Parte-hartzearekin eta “hiria eta herritarrak” irizpidearekin erlazionaturiko gaiei dagokienez, txostenak ziurtatzen du indarrean jarraitzen duela hautagaitza proiektuan aurreikusitako ikuspegi berritzaileak.
Aurrekontuaren banaketari dagokionez, Batzordeak uste du baliabide gehiegi esleitu zaizkiola komunikazioari, soldatei, gastu orokorrei eta administrazioari, programa artistikoaren kaltetan; eta gonbidapena egiten dio Donostia 2016ri banaketa hau berriz pentsatzeko.
2014rako gomendioak
Gogoeta hauek guztiak kontuan hartuz, Batzordeak 2014ko martxoaren amaierarako ondorengo gaiak eguneratuta bidaltzeko eskatu du:
–Funtzionamendurako gastuak ordaintzeko diru-kopurua bermatzea, bereziki estatuko gobernuak eman beharrekoa, eta baita babesle pribatuak erakartzeko estrategia ere.
–Kultur programarako aurrekontua handiagoa planteatzea. Batzordeak uste du baliabide gehiegi adjudikatu zaizkiola komunikazioari, soldatei, gastu orokorrei eta administrazioari, programa aristikoaren kaltetan. Horri lotuta, gonbidapena egin dio Donostia 2016ri banaketa hori berriz pentsatzeko.
-Kultur programan “europar dimentsioa” landu behar dute, euskal kultura Europako beste kultura gutxituen testuinguruan jarriz.
–Hedapen eta komunikazio-estrategia zehatz bat aurkeztea, estatuko eta nazioarteko publikoari zuzendua