Bosgarren edukiontzia erabiltzea borondatezkoa izango dela berretsi du PSE-EEk
Oraindik ordenantza aldatu gabe dagoen arren, edukiontzi marroia 2014ko uda baino lehen jarriko dute hiri guztian, eta erabilera borondatezkoa izango da. Hala ziurtatu du Ernesto Gasco, PSE-EEko bozeramaileak, udal gobernuarekin lortutako adostasuna gogora ekarriz.
Ildo horretan, EAJri “trabak jartzeari uzteko” esan dio PSE-EEk. Izan ere, jeltzaleek beren kezka adierazi berri dute, urtea bukatzear delako eta hondakinen ordenantza aldatzeko pausorik eman ez duelako udal gobernuak. Zaborren gaia hurrengo udalbatzarrean aztertuko dute.
Lazkaoko eredua
Gascok adierazi duenez, bosgarren edukiontzia nolakoa izango den adostu dute gaur egin duten hondakinen inguruko batzordean. Lazkaon daukatena hartuko dute eredutzat.
Edukiontzi marroira botatzeko poltsa bereziak banatuko dituen makinak ere prestatzen ari dira, eta dagoeneko kultur etxeetan eskura daitezke poltsak. Zaborren gaia “gertutik” ikuskatuko dutela adierazi du Gascok, alokairuko bizikletekin gertatu diren atzerapenak ez errepikatzeko.