
Inbiomed Fundazioko langileek maiatzean hasi zituzten murrizketen aurkako protestak. Irudian, Eureka! Zientzia Museoan egindako elkarretaratzea. (Argazkia: Nagore Koch)
Jaurlaritzak “ezohiko konponbide bat” aztertzen ari dela iragarri du.
Gaur arratsaldean argitu liteke Donostian egoitza duen Inbiomed Fundazioaren etorkizuna. Arazo ekonomiko larriak ditu, eta laguntzarik jaso ezean arriskuan egon liteke bere etorkizuna. Arratsaldean (18:00) hasiko den bileran aztertuko dute fundazioaren patroiek jaurlaritzaren proposamena. Kutxak eta Gipuzkoako Aldundiak osatzen dute Inbiomeden patronatua. Donostiako Udala ere agertzen da estatutuetan baina jada ez du parte hartzen.
Proiektuaren hasieratik Kutxak hartu zuen bere finantzaketaren ardura; eta orain arte, Aldundiak ekarpen puntualak baino ez ditu egin. Inbiomeden egoera larria dela eta, ordea, aurten 800.000 euroko diru laguntza eman du Aldundiak, eta Jaurlaritzaren inplikazioa eskatu du. Jaurlaritzak erantzun du “ezohiko konponbide bat” aztertzen ari dela, eta gaur arratsaldean jakinaraziko diela patronoei.
Halere, Arantza Tapia lehiakortasun sailburuak argitu du Jaurlaritza ez dela Inbiomedeko patrono, eta nabarmendu du Inbiomedek lortu izan duela Jaurlaritzaren diru laguntza konkurrentzia programen bitartez. Ama zeluletan oinarritutako ikerkuntza eta medikuntza birsortzailean lan egiten dute Inbiomeden, eta egoera ekonomiko larriaren ondorioz, murrizketak sufritu dituzte. Langileen %40 kaleratu diztuzte eta soldatak %11 jaitsi.