Hiru egitasmo jarri dituzte abian Hondakinen Prebentziorako astearekin bat eginez
Azaroaren 16tik 23ra ospatzen da Hondakinen Prebentziorako Europako astea, eta udalak gaiarekin lotutako hiru egitasmo jarri ditu abian. Axier Jaka, ingurumen zinegotziaren ustetan, “kudeaketarik eraginkorrena ez sortzea da”, baina sortzen denari irtenbide egokiena emateko irtenbideak landu behar direla onartu du.
1.-Pixoihal berrerabilgarriak.
Udalak egindako azterketen arabera, ume bakoitzak tona bat zabor sortzen du pixoihaletan. Behin erabiltzen direnak ezin dira birziklatu eta zabortegietara eramaten dituzte. Udal hondakinen %2 eta %3 artekoa da pixoihalena.
Horregatik, udal gobernuak behin eta berriro erabil daitezkeen pixoihalen aldeko apustua egin du, eta hirugarren urtez, mota honetako pixoihalak banatzeko kanpaina jarri dute abian. Aurreko bi kanpainetan 65 familiak parte hartu dute eta arrakasta handia izan dutela adierazi du Jakak. Orain, beste 25 familiari banatuko zaizkie pixoihalak.
Parte hartzen duten familiei sorta bat banatuko zaie, 20 xurgatzaile, 10 estalki eta 200 zelulosaz osatua. Prezioaren %80a ordainduko du udalak. Berriro erabiltzeko pixoihalak erabilita 2000 pixoihalen erabilera ekidin daiteke, 256 kilo hondakin gutxi gora-behera.
2.-Donostitruk berezia.
Datorren larunbatean, azaroak 23, Donostitruk berezia egingo dute suhiltzaileen egoitza zaharrean, Easo kalean. Oraingoan, elkarteez gain banakako herritarrek ere parte hartu ahal izango dute bigarren eskuko azokan.
Bestalde, urteko azken azoka ere, abenduaren 14koa, berezia izango dela aurreratu dute. Kasu honetan elkartasun azoka egingo dute, irabazi asmorik gabeko elkarteei utziko zaielarik lekua.
3.-Etxeko konposta sustatzeko egitasmoa.
Egun 800 familia baino gehiagok dute konpostagailu bat etxean, baina horretarako aukera dutenak askoz ere gehiago dira. Hirigintza ikerketa baten arabera, 2.400 etxebizitzatan lukete konpostatzeko aukera. Horregatik, udal gobernuak kanpaina bat jarriko du abian etxeko konposta sustatzeko.
Alde batetik, abenduan hasita hiru hilabetez, etxean konposta egiten duten herritarrekin harremanetan jarriko dira, datuak baieztatu eta errolda bat egingo dute etxean konposta egiten duten familiekin.
Bestetik, lorategi edo lursail txiki bat duten familiekin ere harremanetan jarriko dira, eta hala nahi badute konpostagailu bat eskainiko zaie, eta baita aholkularitza zerbitzua ere. Honela, beste 600 familia etxean konposta egiten hastea lortu nahi dute.
Zero Zabor filosofiari jarraituz udal gobernuak abian jarri dituen hiru egitasmo hauetakoren batean parte hartu nahi duenak edo informazio zabalagoa jaso nahi duenak Ingurumen sailera jo beharko du: ingurumena@donostia.org edo 943 483 390.