Amaia Agirre izango da Realeko kapitaina, eta Igor Elortza, berriz, Athleticena. Saio berezia 19:00etan hasiko da, ‘Sartu dimentsio berri batean’ lelopean, eta zaleek zein bertsolarik abestea nahi duten aukeratu beharko dute.

Bertso derbiaren aurkezpena egin dute Antzoki Zaharrean, gaur eguerdian. Irudian, Nerea Txapartegi, Jose Angel Iribar, Miren Amuriza, Juan Karlos Izagirre, Amaia Agirre, Yerai Gascon eta Joseba Ibarburu. (Argazkia: E. Zabala)
Reala eta Athleticen arteko futbol partidek betidanik sortu izan dute interesa zaleen artean. Donostiako eta Bilboko taldeen artean badago halako lehia polit bat, eta euren arteko norgehiegokek sortzen duten jakinminaren jakitun, aurreko denboraldian, Bertso derbia antolatu zuten, lehen aldiz, partidaren harira. Bi klubek antolatutako bertso-saio berezia egin zuten Bilboko BBK aretoan, eta izandako arrakastaren ondorioz, berriro ere antolatzea erabaki dute; baina oraingoan, Donostian. Urtarrileko lehen astean lehiatuko dira txuri-urdinak eta lehoiak, Anoetan (egun eta ordu zehatza oraindik erabaki gabe daude); beraz, egun horren bueltan antolatu dute 2013-2014 denboraldiko Bertso derbia; hau da, urtarrrilaren 3an, 19:00etan, Antzoki Zaharrean.
Sartu dimentsio berri batean lelopean, doako sarrera izango du saioak, eta bi kluben zein Donostia Kulturaren bidez lortu beharko dira gonbidapenak.
Bertso-saio bereziaren aurkezpena egin dute gaur eguerdian, antzokian bertan, eta han izan dira Juan Karlos Izagirre alkatearekin batera, Joseba Ibarburu Realeko ordezkari gisa eta Jose Angel Iribar Athleticeko ordezkari gisa, baita bi bertsolari ere, Miren Amuriza eta Amaia Agirre. Hain zuzen ere, Agirre bera izango da Realeko kapitaina, eta Athleticeko kapitaina, berriz, Igor Elortza izango da. Talde bakoitza hiru bertsolarik ordezkatuko dute, bi kapitainek eta beste bi bertsolarik. Hala, gainontzeko bertsolariak zeintzuk izango diren zaleek aukeratu beharko dute, honako zerrendatik: Beñat Gaztelumendi, Alaia Martin, Xebastian Lizaso, Nerea Elustondo, Jexux Mari Irazu, Ane Labaka eta Agin Laburu Reala ordezkatzeko; eta, Arkaitz Estiballes, Iratxe Ibarra, Miren Amuriza, Etxahun Lekue, Onintza Enbeita, Fredi Paia eta Nerea Ibarzabal Athletic ordezkatzeko.
Realeko eta Athleticeko webguneen bidez bozkatu daiteke, gaurtik abenduaren 8a bitartean.
Yerai Gascon, Bertso derbiko kartelaren egilea ere aurkezpenean izan da. Usandizagako Publizitate Grafikoko ikaslea da eta proiektua hasieratik oso erakargarria izan dela onartu du. Futbol atezain bat da karteleko protagonista, txapel bat gelditzeko prest dagoena, eta betaurreko berezi batzuk daramatza jantzita, alde batean urdinak eta bestean gorriak direnak. Hala, batetik, Realaren ikuspegitik, eta bestetik, Athleticen ikuspegitik ikus daitekeela irudikatu nahi izan dute. Hala, asmatu dituzten bi dimentsioko betaurrekoak janztera gonbidatu dituzte herritarrak. “Enkargu normala izan da hasieratik, baina dimentsio handiagoa hartu du eta sinbolo berri bat sortu dugu betaurrekoen bidez”, aipatu du Gasconek.
Bi taldeen arteko lehia eta derbietan sortu ohi den giroa indartzea da antolatzaileen helburua. Bide batez, euskal kultura sustatzea eta bersolaritzan futbolaren gaia bultzatzea ere bilatzen dute.