Umeen eskubideen aldeko hainbat jarduera antolatu dituzte liburutegi, haur txoko eta gaztelekuetan
Asteazkenean, azaroak 20, Haurren egun unibertsala eta Haurren eskubideen konbentzioaren protokoloaren onarpena ospatuko dituzte. Horretarako, bereziki haur eta gazteentzat egitarau zabala prestatu dute.
Batetik, Udal liburutegietan Ipuinaren ordua izeneko jarduera egingo dute beti bezala, baina oraingoan haurren eskubideak ardatz hartuta. Ipuinak kontatzea fantasia pizteaz gain tresna ezin hobea da baloreak transmititzeko. Horregatik oraingoan, eskolara joateko eta jolasteko eskubideetan oinarritutako ipuinak eta diskriminazioaren aurkako ipuinak kontatuko dituzte.
Saio guztiak euskaraz egingo dituzte. Gaur Liburutegi Nagusian, Intxaurrondo Berrin eta Ernest Lluchen egingo dituzte saioak. Bihar, azaroak 19, Aieten eta Loiolan; guztiak arratsaldeko 18:00etan.
Azaroaren 20an, Casares-Tomasenen (17:30ean), Etxarrienen (17:00etan) eta Okendon (18:00etan) egingo dituzte irakurketak. Azaroak 21ean, Egian eta Larratxon eta azaroak 22an, Larrotxenen eta Lugaritzen, arratsaldeko 18:00etan.
Beste alde batetik, Gaztelekuetan UNICEFen ‘Nahiak eta beharrizanak‘ jokoa eskainiko dute. Joko honen bitartez, gazteek oinarrizko beharren eta eskubideen inguruan hausnartu eta eztabaidatu beharko dute. Azaroaren 20an, Amara, Aiete, Bidebieta, Egia, Gros eta Intxaurrondoko gaztelekuetan egingo dute saioa, eta azaroaren 21ean, Martuteneko gaztelekuan.
Hiriko Haur Txoko guztietan ere, era guztietako jarduerez osatutako egitarauak antolatu dituzte. Azaroaren 23a arte, bertaratzen diren haur guztiek haurren giza eskubideen inguruan sentsibilizatzeko eta hauek ikusgarri egiteko modu dibertigarri eta ludiko batean landuko dituzte jarduerak.
Kultur aniztasuna
Gainera, Donostiako udaleko Kultur Aniztasunaren atalak, giza eskubideen sustapena eta balioen hezkuntza eta aniztasunaren errespetua bultzatzen jarraitu nahi du. Horretarako Dar-Dar produkzioak prestatutako Babel: munduko ipuinak, munduko kulturak erakusketa ibiltariaren bitartez, munduko beste kulturak hurbildu nahi zaizkie herritar guztiei, eta, batez ere, 5 eta 10 urte bitarteko haurrei. Erakusketa honen helburu nagusia jatorri eta kultura desberdineko pertsonen arteko elkarbizitza sustatzea da, eta era berean, elkarren arteko onarpena lortzea.
Horretarako, erakusketa Aieteko kultur etxean egongo da ikusgai azaroaren 22a arte (Azaroaren 20an bisita gidatuak egingo dituzte). Azaroaren 25etik 29ra Okendo kultur etxean egongo da, 16:00etatik 20:30era.