Beñat Gaztelumendi, Añorgan, txapelketa hasi aurretik IRUTXULOKO HITZAk egindako elkarrizketaren egunean. (Argazkia: Lide Ferrreira)
2013ko Bertsolari Txapelketa Nagusian egindako lanarekin harro baino harroago egoteko moduan dago Beñat Gaztelumendi (Añorga, 1987). Kanporaketa eta final aurrekoetan Altsasu, Murgia eta Elizondoko oholtzetan bertso bikain bat baino gehiago utzi ostean, BECeko final handia izan zen atzo, beste zazpi bertsolari handiekin batera. Txapela Amets Arzallusek jantzi zuen arren, Gaztelumendik badu zer ospatu, eta egindakoarekin gustura geratu dela onartu dio IRUTXULOKO HITZAri erantzundako deian. Aje pixka batekin egon arren, egindako galderak atsegin handiz erantzun ditu, betiko moduan.
Zer moduz ikusi zenuen zure burua atzoko finalean?
Euskal Herriko finala beti talde bezala edo zortzikote bezala bizi izan da, eta orokorrean nire kezka handiena zen finalista berri bakarra ni izanda, ea zortzikote horren parte sentitzea lortuko nuen. Bai aurreko egunetan, eta bai finalean bertan ere taldearen barruan sentitu nintzen. Bertsotan, bat gehiago bezala edo parez pare aritu nintzela iruditu zitzaidan, eta gustura nago.
Zer zenuen buruan BECeko oholtzara bidean 13.000 bertsozaleren txalo artean igarotzen ari zinenean?
Ez dakit… gauza asko. Bertsozale elkartean ibiltzen garenon aldetik, hunkintu nintzen urte guztian iluntzeetan jende gutxirekin egindako bileretaz gogoratzen, eta bertso eskolan nahiko bakarti egindako lan horietaz oroitzen. Euskal Herrian mugimendu indartsu bat dagoela ikusi nuen, eta mugimendu horren parte garen denok elkartzen garenean… zirrara handia sortu zidan. Bertsolari bezala ere, plazara horrela ateratzea… orain ere pixka bat hunkitzen naiz gogoratuz. Gora begira egin nahi nuen bide guztia, gozatuz, baina ez nintzen gai izan, tarteka burua jaitsi behar izan nuen, baina bai, izugarria.
Oraindik laino batean zinela aitortu zenuen atzo. Gaur, finalaren hurrengo egunean, zein irakurketa egiten duzu?
Nahiko nuke dena txapelketaren barruan sartu, ez batetik txapelketa, eta bestetik finala. Txapelketan bertan laino baten barnean sentitu naiz, bertsotan lortu dudalako egin nahi nuena egitea, gutxi gora-behera. Behintzat saio guztietan momenturen batean nire ahotsa topatu dut, eta atzokoan ere badut sentsazio hori. Batez ere, bakarkako bi saioetan geratu nintzen gustura, eta gero, finalaren hasierako zortziko handian ere gustura geratu nintzen. Gero, eduki nintuen nire gora-beherak, goizeko saioko erdi parean pixka bat behera egin nuela uste dut, eta arratsaldean pixka bat ere; baina gora-beherak gora-behera, pozik nago. Gainontzeko zazpiak ere oso gustura sumatzen nituen, eta sentipena dut egun historiko batean eduki nuela zortea oholtza horretan egoteko.
Lehen aldiz izan zinen BECeko oholtzan. Nolako eguna izan zen? Pisua egin zitzaizun?
Finalean kantatuko nuela jakin nuenetik, aste pare bat nahiko gogorrak pasa nituen; nire ingurutik eta jendearengatik urrunago, beharra sentitu nuen pixka bat isolatzeko. Batez ere azken egunetan nire munduan ibili naiz. Nik ez nuen planteatu egun osoko saio bezala, planteatu nuen ariketaz ariketa joan behar nuela, eta pixka bat maratoi baten moduan, errepideko marrari begira jarri eta aurrea. Luze xamarra egin zitzaidan finala, kantatzeko baino gehiago atzean egoteko. Zortzi izanda, taula gainean denbora asko pasa beharra dago, jende guztia begira daukazu eta egun osoan horri eutsi beharra dago. Baina bueno, lehenengo finala izateko, gustura nago.
Bazkaldu al zenuten?
Bazkaria eman ziguten, baina nik egia esan apetito handirik ez neukan. Kartzelan, azken aurrekoa izan nintzen, eta ordubete baino gehixeago egin nuela uste dut, eta hor aprobetxatu genuen zerbait jateko, eta bazkalorduan beste pixka bat… egunean zehar saiatu ginen jaten.
Zazpigarren postua izan da zurea, Unai Iturriagaren puntuazio berarekin. Aurten egindako lanarekin harro egoteko moduan zaude ezta?
Bai, bai! Askotan jendea postuarekin geratzen da, baina ni postuarekin baino gehiago bertsoekin geratzen naiz. Finala bera ona joan zela uste dut, eta nik nire kolore ukitua eman niola sentitzen dut. Gusturago nago horrekin, sailkapenarekin baino. Gainera, zure burua Iturriaga edo Sustrai baten ondoan ikustea… niretzako…. orain dela lau urte publikoan egon nintzen, eta beste askok bezala nik ere negar egin nuen bertsoak entzuten, eta niretzako aurten hor goian egotea beraiekin… latza zen.
Eta zure bukaerako agurra, anaiari eskainia, ongi pentsatua izango zenuen.
Bai. Nik uste dut hala tokatzen zela. Ni bera baino urtebete zaharragoa izanda, bertsotan hasi ginenetik bidea beti egin dugu batera. Txapelketetan agian nire izena gehiago agertu da, baina eguneroko jardunean eta plazako lanean ia beti batera aritu izan gara. Gaur egun bertsolaria baldin banaiz, zati handi batean anaia hor eduki dudalako izan da. Bide hau bakarrik egitea ez dut uste posible izango zenik. Gure inguruan hasieran nahiko bakarrik aritu ginen, eta elkarrekin babestu ez bagina, ez ginateke gaur egun bertsolari izango. Aspalditik pentsatua nuen berari kantatu nahi niola. Nik uste dut beti amesten nuela Euskal Herriko finalera iritsiz gero anaiari kantatuko niola, eta tokatu da.
2013ko txapelketa honetan Altsasun, Murgian, Elizondon eta Barakaldon abestu duzu. Leku horietan bizitako momenturen bat baduzu bereziki buruan?
Momenturen batekin geratzekotan, Altsasuko bakarkakoa aukeratuko nuke. Uste dut hori izan dela txapelketan egin dudan saiorik onena. Gero, atzoko bukaerako agurraren momentua; gehien hunkitu nintzen momentua hori izan zen. Unai ere hor zegoela sentitzen nuen.
Nolakoa izan zen atzoko ospakizuna? Kontatu daitekeena behintzat.
Ez dago halako misterio handirik. Behin finala bukatuta prentsaurrekoa eduki genuen BECen bertan, eta bitartean lagun gehienak Añorgara itzuli ziren. Ni 22:30ak aldera iritsi nintzen Añorgara, eta ordurako Jolas Etxea tabernako atarian zeuden denak, eta han hartu ninduten. Gainera, jendea nahiko hunkitua zegoen bukaerako agurrarengatik, gertutik segi izan gaituztelako. Han afaldu genuen 30 lagunek edo, eta gero Dokara joan ginen; hortik aurrerakoak gure artean geratuko dira.