'Akuifoto', akuikultura gertutik ezagutzeko argazki erakusketa
http://youtu.be/VgifzFPDbdE
Bisitariek bihar eta martxoaren 3a bitartean ikusteko aukera izango dute, Aquariumeko Nautilus aretoan.
Akuikulturaren inguruan egindako ikerketa baten arabera, teknika honen bidez egiten diren produktuekiko gizartearen iritzia ezkorra da. Horregatik, OESA Fundazioak akuikulturaren mundua gertuagotik ezagutu eta ikusteko, argazkiak biltzen dituen erakusketa bat egin du eta, Galiziako O Grove aquariumetik pasa ostean, bihartik aurrera Donostiako Aquariumean egongo da ikusgai.
Erakusketak 2009 eta 2011 urteen bitartean argazki lehiaketetan parte hartutako irudi handi zein mikroskopikoen bilduma osatzen du. Donostiako Aquariumak berezienak hautatu ditu eta guztira, 35 argazki ikusteko aukera dago. Akuifotok akuikulturaren mundua ezagutzera emateaz gain, kontsumitzaileei jarduera honek ingurumena errespetatzen duela eta produktu osasungarri eta freskoak eskaintzen dituela erakutsi nahi du.
Argazki erakusketa bihar eta martxoaren 3a bitartean bisitatu ahal izango da eta Aquariumaren ibilbidearen parte izango da. Izan ere, Aquariumeko sarrera ordainduz gero, erakusketa ikusteko aukera egongo da. Hala ere, bihar sarrera librea izango da, 17:00etatik 20:00etara, Nautilus aretoan.