Amara Berriko Ilunki elkartearen aldeko eguna antolatu dute igandean
Herriko tabernen auziaren sumarioan dago Amara Berriko Ilunki kultur elkartea. Epaiketa bera salatzeko, eta epaiketak sortzen dituen gastuei aurre egiteko dirua lortzeko Ilunki Libre eguna antolatu dute igandean (urtarrilaren 5ean), derbiaren egunean. Egitaraua 12:00etan hasiko da. Kaxianoren Alabak, Txemak eta Eztanda taldeek joko dute zuzenean, eta DJ batek ere girotuko du eguna.
Arratsaldean, Libre Gola egingo dute. Olaetako futbol zelai txikian egingo duten jarduera parte hartzailea da. Musikarekin girotuta, jokalariek eskuadran sartzen duten gol bakoitza izango da libre gola. Euro baten truke bi jaurtiketa egingo dituzte jokalariek, eta libre gol bakoitzeko saria banatuko diete. Dirua epaiketak eragindako gastu ekonomikoei aurre egiteko erabiliko dute.