Jazzaldian joko duten bertako hamar taldeak aukeratzeko zuzenekoen egutegia prest dago
Uztailaren 23tik 27ra arte izango den 49. Heineken Jazzaldian joko duten bertako hamar taldeak aukeratzeko prozesua aurrera doa. Horretarako jendaurreko kontzertuak egingo dira, eta horien arabera osatuko dira behin betiko zerrendak.
Lehen kontzertua asteazkenean izango da, urtarrilaren 8an: Sky Beats taldeak joko du zuzenean Viktoria Eugenia klub aretoan (20:00). Hona hemen kontzertuen egutegia.
Aurten aurkeztutako 48 proposamenen artean eta taldeek bidali dituzten grabazioetan oinarrituta, 49. Heineken Jazzaldiko Antolakuntza Batzordeak hamabost talde hautatu ditu Donostian urtarrila eta apirila bitartean kontzertuak eskaintzeko. Zuzeneko emanaldi horien ondoren, Batzordeak, kalitate artistikoa eta publikoaren erreakzioa baloratuta, hamar talde aukeratuko ditu 49. Heineken Jazzaldiko programazioan sartzeko.
Kontzertuak FNACeko Forum gunean, Altxerri tabernan eta Victoria Eugenia Antzokiko Club aretoan izango dira eta sarrera doan izango da (Club aretoaren kasuan gonbidapenak jaso beharko dira Victoria Eugenia Antzokiko leihatilan).