Josu Ruiz eta Euken Sese, 2013ko merkataritza balantzea aurkezten. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Ekonomia Suspertzeko Planaren bitartez 76 saltoki berri ireki dituzte eta 190 lanpostu sortu dira Donostian.
Josu Ruiz, Garapen Ekonomikoko zinegotziak eta Euken Sese, Donostia Sustapeneko zuzendariak aurkeztu dute 2013ko merkataritza balantzea. Pozik agertu dira hiriko ekonomiak goranzko joera txiki bat agertu duelako.
Bi milioi euro bideratu dituzte hiriko merkataritza sustatzeko, jarduera eta egitasmo ezberdinen bitartez. “Diru laguntzak emateaz gain aholkularitza lana oso garrantzitsua da bertako merkatariei laguntzeko”, gaineratu du Ruizek.
Martxoan amaituko da Ekonomia Suspertzeko 2013ko Plana, eta hiru ardatz nagusi ditu: berrikuntza, komertzio berdea eta lehiakortasuna hobetzea. Horrez gain, eremu komertzialetako kaleak oinezkoentzako egokitzen ere ahalegina egin dutela nabarmendu dute, Peña eta Goñi eta Usandizaga kaleak, esaterako.
Berrikuntza komertziala
Punto dendan hainbat jarduera antolatu dituzte teknologia berriei, kudeaketa komertzialari eta banaketarako bide berriak identifikatzeari buruzkoak batik bat. Merkatariei aholkularitza eta berrikuntzarako bide berriak eskaini dizkiete horrela, eta 2013. urtean zehar 3.350 erabiltzaile baino gehiagok hartu dute parte Punto dendako jardueretan.
Geolokalizatutako hainbat ibilbide komertzial ere sortu dituzte: Gros Team ibilbidea, Smart Kalea, Green Commerce, Zinemaren ibilbideak, Donostiako komertzioaren ibilbide generikoa, Aisialdiaren, Kulturaren eta Gastronomiaren ibilbidea, Modaren ibilbidea eta Komertzio Sortzailearen ibilbidea.
Lehiakortasuna hobetzea
Ekonomia Suspertzeko Planak komertzioen lehiakortasuna hobetzeko hainbat neurri jarri ditu abian: kontrataziorako laguntzak, tokiko komertzioetan kontsumitzea sustatzeko komunikazio kanpainak, azokak, aholkularitza eta lokalak errentan hartzeko laguntzak, esaterako. Azken hauei dagokionez, guztira 39 eskaera jaso dituzte, eta guztiei erantzun diete.
Gainera, hutsik dauden lokal komertzialetan enpresa eta komertzio berriak sortzeko laguntzak eskaini dituzte. Laguntza hauek martxoaren 31a arte eska daitezke. Euken Sesek adierazi duenez, ahalegin berezia egin dute egoera larriena bizi duten auzoak suspertzeko. Hala nola, Altza, Intxaurrondo, Egia, Bidebieta, Loiola eta Martutene.
Komertzio berdea
Donostiako Sustapenak, merkataritza sareari teknologiak eta, zehatzago,
smart cities kontzeptua gerturatzearen aldeko apustua ere egin du. Ildo horretan, Smart kalea izeneko egitasmoaren bidez Donostiako lehen ‘ekokalea’ sortu dute, adibidez.
Datu zehatzak mahai gainean jartzeko goizegi dela onartu du Euken Sesek, baina hiriko ekonomia suspertzeko neurriak emaitza positiboak ematen ari direla azpimarratu du, salmenta eta kontsumo datuek goranzko joera erakusten baitute.