Omenaldiaren ardatz nagusia literatura izan den arren, Udal Liburutegi Nagusiari Txillardegi izena emateko hainbat euskalzale eta kultur eragileek babestutako proposamena atzera bota izana ere baloratu dute.
![Fito Rodriguezek eman dio hasiera omenaldiari. (Argazkia: L.Ferreira)](http://irutxulo.hitza.eus/site/files/2014/01/DSC_0679.jpg)
Fito Rodriguezek eman dio hasiera omenaldiari. (Argazkia: L.Ferreira)
Pianoa partitura gabe jotzen ari zen Txillardegi Mari Jose Azurmendi soziolinguista ezagutu zuenean. Eta egun horretan bertan jo zuen abestiarekin hasiera eman diote gaur goizean Txillardegiren omenez ospatu duten ekitaldiari. Bi urte igaro dira politikari, hizkuntzalari eta idazle donostiarra zendu zela eta Lasala plazako lehoiaren ondoan gogora ekarri nahi izan dute, Txillardegiren etxearen aurrean, alegia. Bertan bere alarguna, Jone Forcada, eta bere semea, Joseba Alvarez izan dira eta ospakizunera beste hainbat aurpegi ezagun ere hurbildu dira, Fito Rodriguez idazlea, Nerea Txapartegi Udal Gobernuko euskara eta kultura arduraduna, Ramon Agirre antzezle eta idazlea, eta Naiara Sampedro udal ordezkaria, tartean.
Lasala plazako lehoia dagoen lekuan bertan bere omenez plaka batzuk jarri dituzte, 1956an Txillardegik berak idatzitako testua dutenak, hain zuzen ere. “Euskara batua gauzatu aurretik, egun eder batean Txillardegi lehoi honen aurrean gelditu zen eta honakoa idatzi zuen”, azaldu du Fito Rodriguezek.
Denborak ez du inor eta ezer barkatzen.
Zer egin ote zuen gaizki, esate baterako, Lehorreko Atearen gainean lehoi harroxko urdinak, bere sona txoil galtzeko?
Urte askoan izan zen hau ere Donostiako bandera bezalakoa: ate nagusi hartako apaingarri, sartu eta ateratzen ziren donostiarren zelatari, harresiko iturri bakarraren zaindari…
Gaur, ordea, zer zaintzen du gizajoak?
Txantxetan harturik edo, marroiez margotu dute, eta antzinako donostiarrek berek, piztuko balira, ez lukete ezagutuko.
Donostia nola txartu den ikusi ez dezan, agian, ez dute toki gailenean jarri.
Gauza askori buruz hitz egin ahal baleza zokoratu honek…
Ez, halere. Lasala enparantzatxoan duzue, bakar-bakarrik, Donostia zaharraren azken lekuko
–Zer arraio egiten duk hik hor, lehoitxo kaxkar horrek?
Eta Avenidarako bideari darraio donostiarrak, besterik gabe…
(Donostia eta Antigua 1829an. Txillardegi, 1956).
![Jende ugari hurbildu da Lasala plazara. (Argazkia: L.Ferreira)](http://irutxulo.hitza.eus/site/files/2014/01/DSC_0719-300x198.jpg)
Jende ugari hurbildu da Lasala plazara. (Argazkia: L.Ferreira)
Ondoren, ekitaldi literario labur bat egin dute eta Koldo Izagirre eta Joxe Austin Arrieta idazleek poema bana irakurri dute. “Zuk erakutsitakoa ezin dugu ahantzi”, esan du Arrietak Txillardegiri eskainitako hitzetan. Behin bi poemak irakurrita eta omenaldia amaitzeko, lore sorta bat eskaini diote.
Txillardegi Liburutegia izena aldarrikatzen jarraituko dute
Donostiako Liburutegi Nagusiari Txillardegi izena jartzeko egitasmoa abian jarri zuen Plazara Goaz Euskara Batzordeak.
Proposamena euskalgintzako pertsona askok babestu zuten eta Udal Gobernuak gaia Kultura Kontseilura eraman zuen. Donostia Kultura Tokiko Enpresa Erakunde Publikoaren Administrazio Kontseiluan, PSE-EE, PP eta PNV daude ordezkatuta daude eta abenduaren 20ko bilkuran oposizioko alderdiek aurkako botoarekin
eskaera baztertu zuten.
Fito Rodriguez erabaki honen inguruan aritu da: “PP ezjakintasunaren argudiotan oinarritu da ezezkoa bozkatzeko; PSE-EEk gauza bera egin du udal eraikinek izenik ez zutela behar esanez, gogoan izango dituzue PSE-EEk berak gobernatu zuenean jarritako izenak, Ernest Lluch, esaterako; eta, EAJ-k kontra bozkatu du behar adina kontsentsurik ez dagoela arrazoituz”. Txillardegi Liburutegia ekimenean parte hartu dutenek horiek guztiak argudioak ez direla, “aitzakiak” besterik ez direla eta “beste mota bateko erantzuna” behar dutela adierazi dute. Hori dela eta, Rodriguezek Txillardegi Liburutegia izena aldarrikatzen jarraituko dutela ziurtatu du.