Egiako hizkuntza proiektua gainerako auzo eta herrietarako eredu bihurtuko da
Apirilaren 4an jardunadiak egingo dituzte Koldo Mitxelena Kulturunean, hezkuntza eragileei eta herritarrei proiektuaren berri emateko. Goizeko 9:00etan hasiko da saioa proiektuaren aurkezpenarekin, eta bukaeran mahai-inguru bat egingo dute.
Orain dela sei bat urte Euskararen Kontseiluko kideez osatutako lan talde batek Euskal Herriko edozein ikastetxetan aplikagarria litzatekeen hizkuntza proiektu eredu bat sortzeko lanari ekin zion; Ikasle Euskaldun Eleaniztunak hizkuntza proiektua, hain zuzen ere. Euskara oinarrizko hizkuntza izanik, ikasle euskaldun eleanitzak sortzea da erronka, eta horretarako, ikastetxean eta ikastetxetik kanpo erabilera sustatzea dute helburu.
Egiako Aitor ikastolan eta Dimako Ugarana herri eskolan teoriatik praktikara pasa ziren iaz, eta Donostiako udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Udalbiltzaren laguntzaz, 2012/13 ikasturtean proiektuarekin lanean hasi zinen, hizkuntza plan bati itxura emanez.
Gaur goizean aurkeztu dute Egian eta Diman garatzen ari diren hizkuntza proiektua jendaurrean. Julen Etxeberria, Aitor ikastolako ordezkariak esan duenez, “eskolak ezagutza bermatu behar du baina ezin da hizkuntzen irla bat izan, eta ikasleek euskarazko espazio eta aukera berriak izan behar dituzte ikastetxetik kanpo ere”.
Hala, ikastetxearen eta aisialdiaren arteko koordinazioa ezinbestekoa da. Etxeberriaren esanetan, “ezinbestekoa da eskola-komunitatea osatzen dutenei (irakasle, guraso, langile, …) eta herri edo auzoko eragile eta herritarrei orain arte hizkuntza ereduak oinarri izan dituen hezkuntza sistema zergatik gainditu behar den azaltzea. Alegia, hizkuntza-plana diseinatzeko abiapuntua zein den argitzea”.
Egiako kasuan 20 saltoki, taberna eta eragiletik gora dira proiektuan parte hartu dutenak. Lehen fasean, 2012/13 ikasturtean, eragile bakoitzaren azterketa eta sentsibilizazio lana egin dituzte. Lan horretatik abiatuta lortu dute auzoko hizkuntza ezberdinen egoeraren diagnosia eta baita hizkuntza proiektua antolatuko duen hezurdura osatzea ere.
Ikasturte honetan bigarren faseari ekin diote, hau da, proiektuaren nondik norakoak eta egindako lanak gizarteratzeari. Hala, eragile bakoitzak bere esparruan hartu ditzazkeen konpromisoak zehazten hasiko dira. “Ideia txiki asko ditugu, eta guztiak ongi koordinatzen baditugu oso emaitza positiboak lortuko ditugula uste dugu”, esan du Julen Etxeberriak.
Izan ere, Dima eta Egiako hizkuntza proiektuak baliagarriak izango dira gainerako herri eta auzoetan euskararen erabilera sutatzeko eredu gisa. Zentzu horretan, Zigor Etxeburua, Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara zuzendaria programa pilotuaren emaitzak jasotzeko “irrikaz” agertu da, eta “emaitza onak badira, eredua Gipuzkoa osora zabaltzeko lanean jarraituko dutela” esan du.
Paul Bilbao, Kontseiluko idazkari nagusiarentzako ere halako egitasmoak “txalogarriak” dira, hezkuntzan “erasoak besterik josotzen ez diren garai honetan”.