Oporretan Euskaraz udalekuetan izena emateko epea irekiko dute astelehenean
Udaleko Euskara Zerbitzuak urtero uztailean antolatzen dituen Oporretan Euskaraz udaleku irekietan parte hartu nahi dutenek maiatzaren 5etik 13ra arte izena eman ahal izango dute izena. Internet
bidez egin daiteke Euskaraz.net eta Donostia.org helbideetan, eta 9:00-14:00 / 16:00-18:00 ordutegian Udaleko Euskara Zerbitzuaren bulegoan. 2014ko udaleku irekietan 2003tik 2009ra bitartean (bi urte hauek barne) jaiotako haur donostiarrek har dezakete parte. Taldeak, gehienez ere, hamabi haurrez osatutakoak izaten dira eta hizkuntza ereduaren, jaiotze urtearen eta jasotze puntuaren arabera eratzen dira.
Izena eman duten haur guztien zerrenda maiatzaren 14an ikusgai egongo da Euskaraz.net eta Donostia.org helbideetan. Zozketa maiatzaren 15ean egingo da eta emaitzak egun berean, arratsaldez, jarriko dira jendaurrean Euskara Zerbitzuaren iragarki taulan eta Interneten.
Udaleku hauek uztailean zehar egiten dira astelehenetik ostiralera 09:30etik 13:30era. Astean behin egun osoko irteera izaten dute haurrek, 09:30etik 17:30era bitartean, haur hezkuntzakoek izan ezik. Mota guztietako jarduerak egiten dituzte: hondartzara joaten dira, hiriko parke eta lorategietan jolasak egiten dituzte, euria egiten duenean eskola edo haur txokoetako gelak erabiltzeko baimena izaten dute jolas, tailer eta txapelketak egiteko, ingurumena lantzen dute…
Hilabete osoko kuota 154,60 eurokoa da, familia ugarientzat, berriz, 116,00 eurokoa eta familia ugari berezientzat 77,28 €. Familia ugariek Eusko Jaurlaritzak emandako familia ugariaren txartela aurkeztuko dute. Bestalde, gizarte-laguntza jasotzen duten familietako haurrentzat kuota 15,45 eurokoa izango da. Egoera hau Donostiako Udaleko Gizarte Ongizate sailaren bidez egiaztatuko du Udaleko Euskara Zerbitzuak. Prezio honetan garraioa eta materiala barne daude. Informaziorako telefonoa: 010