
Donostiako EAJko Iñaki Gurrutxagak, eta batzarkide jeltzale Xabier Ezeizabarrenak eman dute prentsaurrekoa. (Argazkia: Lide Ferreira)
Ingurumeneko eta Lurralde Antolaketako diputatu Iñaki Errazkinek eta GHKko lehendakari Ainhoa Intxaurrandietak Gipuzkoak hondakinak iraunkortasunez kudeatzeko gune bat izango duela Zubietan azaldu zuten, eta proiektuaren xehetasunak eman zituzten. Proposamen honen inguruan egin dute gaur agerraldia EAJko Iñaki Gurrutxagak eta Xabier Ezeizabarrenak, euren desadostasuna agertzeko.
“Aldundiak iragarri duen sistema berri honetan, instalazio nagusiak Donostian jarriko dituzte, baina oraindik ez dakigu zein neurri hartuko dituzten hirigintza legalitate eta ingurumen aldetik, berme guztiak hartu daitezen. Udal gobernua aldundiak egiten duenaren arabaera jokatzen ari da, eta horrek kezkatzen gaitu”, adierazi du Gurrutxagak.
Jeltzaleak azaldu du, 2010ean onartu zuten Plan Orokor batek hirigintza arau batzuk zehaztu zituela errausteko planta Zubietan, Arzabaletan, ezartzeko. “Orain sistema berri batekin datoz, eta horretarako, Plana aldatu beharko du, hirigintza egokitzapenak eginez. Legezkotasuna denontzako da”. Hortaz, udal gobernuari eskatzen diote aldundiari gauzak hirigintza legeriaren arabera egin ditzala esateko.
Bestalde, ingurumen bermeak beharrezkoak direla azpimarratu dute. “Guk dakigunez, sistema berriak ez du ingurumen bermea adierazten duen baimenik. Sistema ingurumenarekiko segurua eta egokia den baloratu beharko litzateke, eta ondoren, behar den baimena lortu”.
Gurrutxagak aldundiari udalbatzarrean hartutako erabakiaren berri ematea eskatu dio. “San Markosen zabortegia hogei urtez jasan behar izan dugu, eta Udalbatzak Donostian zabortegirik ez zela egongo erabaki zuen”. Beraz, udal gobernua aldundia informatzeko behartuta dagoela esan du.
“Hau da gure interpelazioan planteatzen dugu, zorrotzak izan behar dugulako. Bildu ez da prozedurak betetzen ari, eta bere proposamenak ez dizkio erakundeei jakinarazi. Hori ezin dugu onartu, eta Izagirreri aldundiaren zerbitzaria izateari utz diezaiola eskatzen diogu”, amaitu du prentsaurrekoa Gurrutxagak.