Berdintasunaren alorrean lan egiten duten 31 elkartek jasoko dute diru laguntza
Donostiako Udaleko Tokiko Gobernu Batzordeak berdintasunaren alorrean lan egiten duten elkarteei zuzendutako diru-laguntzak onartu ditu gaur. Aurten inoiz baino elkarte gehiago lagunduko dira diruz; orotara 43.080 euro banatuko dira 31 elkarteren artean (iaz 26 izan ziren). Bi elkarte diru laguntzetatik kanpo geratu dira baldintzak ez betetzeagatik.Egitasmoak kalitate handikoak izan dira. Beraz, elkarteen artean banatuko den kopurua ere nahiko orekatua izango da, gehiengoak 1.955 euro eta gutxiengoak 610 euro jasoko ditu.
Egitasmoak oso anitzak dira, baina denak emakume eta gizonen arteko berdintasuna bultzatu eta emakumeen jabekuntza sustatzeko egitasmoak dira. Beraz berdintasun helburuak betetzen dituzte. Naiara Sampedro Berdintasun zinegotziak adierazi du laguntza hauen bitartez elkarte hauen lana babestu eta aitortu nahi dela:”Udalak diru-laguntza hauen bitartez mugimendu feminista, emakume elkarteen eta talde mixtoen borroka eta lana lagundu nahi du, ezinbestekoa baita elkarte eta talde hauek egiten dutena. Jendarte mailan berdintasun erreal bat lortu nahi badugu, eragile ezberdinen jarduna ezinbestekoa da, eta batez ere mugimendu sozialen lana”. Udal gobernuaren helburuen artean mugimendu hauek laguntzea eta sustatzea dagoela adierazi du zinegotziak: “Donostia parekideago bat lortzeko ezinbestekoa da guztion arteko elkarlanean, udalaren eta elkarteen artekoa”.
Diruz babestutako egitasmoak kolektibo ezberdinei daude zuzenduak, batzuk gazteekin lan espezifikoa egingo dute, eskoletan, institutuetan, neska gazteen jabekuntzan… Beste batzuk berdintasunean formakuntza bultzatu nahi dute, horrela historia genero ikuspegitik landuko dute, hau da, kontutan harturik emakume eta gizonen arteko harremanak, beste herrialde batzuetako emakumeen ezagupena landuko dute. Beste batzuk emakumeen protagonismoan landuko dute sormenaren bidez eta artearen bidez, antzerkiak, irrati saioak eta antzekoak.