Giza katea, Bulebarra zeharkatzen. (Argazkia: Aritz Sorzabal)
ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek deituta, giza kate bat egin dute goizean Donostian, Decathlonek igande eta jai egunetan irekitzeko azaldu duen asmoaren aurka eta, bide batez, atsedena eta lana uztartzeko eskubidea aldarrikatzeko. Bretxa merkataritza gunetik irten dira, Erdialderuntz, lelo eta oihuen artean. “Ez da lehen aldia izan Decathlonek jai egunetan irekitzeko asmoa iragarri duela; baina aurrekoetan atzera egin du azkenean, eta itxita geratu da. Gure kanpainaren helburua hori da, hain zuzen ere: igande eta jai egunetan Decathlon itxita egotea”, azaldu dute, eta denda txikien alde egin behar dela erantsi dute.
Protesta gehiago iragarri dituzte. Uztailaren 24an, Decathlonek irekitzeko asmoa azaldu duen egunaren bezperan, merkataritza gune horien aurrean elkarretaratzeak egingo dituzte, 18:00etatik 19:00etara; Belartzako poligonoan dagoen saltokian, Donostiako kasuan. Uztailaren 25ean ere egingo dituzte elkarretaratzeak irekitzea aurreikusi duten Decathlon saltokietan, 9:30etik aurrera.