Kaiko eta Groseko festazaleek bat egin dute Kursaal zubian, Karramarro gabe
Kaiko eta Groseko jaiek bat egin dute gaur eguerdian, Kursaal zubian. Data berdinetan ospatu ohi dituzte bi auzo hauetako festak, Karmengo Amaren egunaren bueltan, eta festazaleen arteko senidetzea egitea erabaki zuten iaz. Oraingoan, Groseko jaien ikur Legami eta Zipotz ez dira Kaiko ikur Karramarrorekin topatu. Ez da azaldu. Zurrumurruek diote erretiroa hartu duela, Groseko auzotarrek esanda. Kaikoek, ordea, adierazi dute Karramarro etxean geratu dela, ajeak jota. Bertsioak bertsio, kontua da ez dela Karramarroren beharrik izan festa giro bikaina sortzeko. Hain zuzen ere, bi auzoetatik jende andana hurbildu da Kursaalera kalejiran. Behin elkartuta, auzo bakoitzean zituzten jai jarduerak gerorako utzita, oroigarriak trukatu dituzte Kaiko eta Groseko jaietako ordezkariek.
Gainera, topaketak ohorezko gondidatuak izan ditu: Kataluniako etorritako Falcons de Vilafranca elkarteko lagunak. Hauek castellers-ak, edo giza dorreak, egiten jaioak direla erakutsi dute zubian bertan, festazaleen eta bertatik igarotako herritar eta bisitarien harridurarako.