Kontagailua eta datuak islatzeko ordenagailua, Kale Nagusiko denda batean. Atzean, Josu Ruiz eta Euken Sese. (Argazkia: Aritz Sorzabal)
Garapen Ekonomikoko zinegotzi ordezkari Josu Ruizek eta Donostiako Sustapeneko zuzendari Euken Sesek Euskal Herriko lehen kale adimendunaren berri eman dute gaur, Parte Zaharreko Kale Nagusian bertan, kale honi Smart kalea izena jarri baitiote. Hain zuzen ere, jasangarritasun eta eraginkortasun energetikoaren izenean, argi indarrean eta ur kontsumoan aurrezteko egitasmo bat ari dira garatzen Kale Nagusian. Kontagailu adimendunak jarri dituzte hainbat denda eta etxebizitzetan, eta, horiei esker, erabiltzaileek euren ohiturak hobetu eta energia modu iraunkorrago batean erabiltzeko aukera dute, horrek dakarren aurrezpen ekonomikoarekin.
Momentuz, 23 dendek eta 21 etxebizitzetako bizilagunek bat egin dute proiektuarekin. Kontagailuek eguneko kontsumoaren jarraipena egiteko aukera ematen dute, eta, modu horretan, aurreztu ahal izateko neurriak har ditzakete erabiltzaileek. Josu Ruizek nabarmendutakoaren arabera, argi indarrean mila eta sei mila euro artean aurreztu ahal dute urtean, eta ur kontsumoan, %50a.