Monseko ur biltegia berrituko du udalak
Udalak Monseko ur biltegiaren sare orokorra eraberritzeko proiektua (Intxaurrondoko zonaldea) egitea onartu du. Obra honek 897.478 euroko aurrekontua du, eta 5 hilabeteko exekuzio-epea aurreikusi dute.
Monseko ur biltegiak Gros auzoa eta Egia nahiz Ategorrieta-Uliako azpiko zonaldeen edateko uraren horniketa bideratzen du. Ur biltegi honek eraberritze sakon bat izan zuen duela urte batzuk, baina uraren banaketa-sareak ehun urte baino zaharragoak diren zati batzuk ditu oraindik funtzionamenduan. Horren ondorioz, hoditeria horren apurketak izaten dira aldian-aldian eta horrek edateko uraren hornikuntzan arazoak ematen ditu, bai eta beroriek konpontzeko lanak dirauten bitartean errepideetan nahiz zonalde pribatuetan eragozpenak sortzen.
Arazo horren jakitun, Donostiako udalak hoditeria zati horren eraberritzeari ekitekoa erabaki du eta horretarako Sestra enpresa kontratatu du, Monseko ur biltegiaren sare orokorra eraberritzeko proiektua idatz dezan.
Nora Galparsoro Azpiegitura eta Zerbiotzuetako zinegotziak esan du inbertsio garrantzitsua dela “hirian berebizkoa den obra hau egiteko, ur hornikuntza ona bermatuko diena hiriko hainbat auzori”.