Zazpi film luze eta lau labur izango ditu Culinary Zinema sailak
Laugarren aldia da Donostiako Zinemaldiak Berlingo zinema jaialdiarekin eta Basque Culinary Centerrekin batera Culinary Zinema saila antolatzen duela. Horren helburua Euskal Herriko zinema hitzordurik behinena eta munduan Michelin izar gehien biltzen dituen eskualdearen aberastasun gastronomikoak bat egitea da.Aurtengo emanaldiak irailaren 20ean hasiko dira The Hundred-Foot Journey filmarekin, eta beste sei film luzek eta lau laburrek jarraituko diote horri. Film sorta horrekin batera, ohi denez, nazioarteko ospea duten hainbat sukaldarik prestatutako afari tematikoak eskainiko dira Ni neu, Tenis Ondarreta eta Mirador de Ulia jatetxeetan.Aurten, gainera, bada berrikuntzarik. Izan ere, lehendabizikoz, Tokyo Gohan Film Festivalarekin lankidetzan aritzeari ekin dio Culinary Zinema sailak. Hala, Tokyo Gohan Film Festivalek aukeratutako epaimahai batek 10.000 euroko saria emango dio Culinary Zinema sailean programatutako film bati.
Ondorengoak dira ikusgai izango diren film luze eta laburrak: The Hundred-Foot Journey (Lasse Hallström, AEB); Nerua, un viaje a la esencia (Ivan Miñambres Urkijo, Euskal Herria), Buscando a Gaston ( Patricia Perez, Peru-AEB), Brooklyn Farmer (Michale Tyburski, AEB), Foodies (Thomas Jackson, Charlotte Landelius, Henrik Stockare; Suedia-Herbehereak); Hozour/Presence (Hossein Rasti, Iran), Little forest- Natsu& Aki / Little forest- Summer/ Autumn (Junichi Mori, Japonia); Recipe (Eric Khoo, SIngapur); Soul of a banqet (Wayne Wang, AEB); Steak (R)evolution (Rebiere Franck, Frantzia); Txipirones en su tinta (Xabier Gutierrez Marquez, Espainia).
Eta hauek izango dira afari tematikoak prestatzeko ardura izango duten sukaldariak: Gaston Acurio, Mikel Gallo, Nacho Manzano, Jakob Mielcke, Francis Paniego, Kevin Patricio, Kenji Takashashi eta Ruben Trincado.