Nestor Basterretxea omenduko dute Euskal Jaietan
Donostia Kulturaren webgunean ikus daitezke.
Irailaren 4tik 14ra ospatuko dituzte Euskal Jaiak, 50 jardueratik gora bilduz.
Euskal Jaiak “uda borobiltzeko jaiak” direla adierazi du Juan Karlos Izagirre, Donostiako alkateak. “Jai herrikoiak, parte hartzaileak eta euskal kulturan oinarritutakoak” direla nabarmendu du, eta parte hartzera gonbidatu ditu donostiarrak nahiz bisitariak. Aukerarik ez da faltako, 50 jardueratik gora egingo baitituzte.
Gaur egin dute egitarauaren aurkezpena Zuloaga plazan, eta bertan izan dira Juan Karlos Izagirre alkatea, Nerea Txapartegi, Euskara eta Kultura arduraduna, Nerea Izagirre, San Telmo Museoko teknikaria, Nerea Vesga, Kukai konpainiako kidea eta Parte Zaharreko jai batzordeko kide bat.
Zuloaga plaza bere ere agertoki bihurtuko da Euskal Jaietan, eta horregatik aukeratu dute aurkezpena egiteko. Nestor Basterretxearen Akelarre lana jarri dute bertan, eskultorea ardatz izango baita Euskal Jaietako hainbat jardueretan.
Nestor Basterretxea
Uztailean hil zen Nestor Basterretxea eskultorea, eta euskal kulturari egindako ekarpena aitortzeko omenaldia egingo diote Euskal Jaietan. San Telmo Museoak bi bisita gidatu antolatu ditu eskultoreak euskal mitologiari buruz egindako erakusketa ezagutzeko. Irailaren 11an eta 13an izango dira bisitak, 18:00etan, euskaraz eta doan.
Hortaz gain, irailaren 13ko bisitaren ondoren, Koldo Ameztoy ipuin kontalariak helduentzako euskal mitologia eta sorginkeriaren inguruko kontakizun bat eskainiko du museoan, 20:00etan.
Bestalde, Basterretxearen erakusketako pieza bat, Akelarre eskultura hain zuzen ere, ikusgai egongo da Zuloaga plazan. Eta eskultura honen inguruan oinarrituko du Kukai dantza taldeak ere Basterretxeari eskainitako ikuskizun berezia. Gelajauziak ikuskizunaren moldaketa bat izango da, eta irailaren 11an eskainiko dute Zuloaga plazan, 19:00etan.
Aurtengo berrikuntzak
Musika, zinema emanaldiak kalean, antzerkia, gastronomia, herri kirolak… askotariko jarduerek osatzen dute Euskal Jaien egitaraua; 50 jardueratik gora guztira. Nerea Txapartegik gogorarazi du antzinatik datorren ospakizuna dela Euskal Jaiena. Euskara eta Kultura arduradunaren arabera, 1896. urtean hasi ziren lehenak egiten. “Garai hartan Foru Aldundia hasi zen nekazari eta baserritarren azokak antolatzen, eta dantza eta herri kirol ikuskizunak egiten zituzten azoken osagarri. Gaur egun arte mantendu dugu ohitura, eta Euskal Jaiak euskal kultura ezagutarazteko eta garena erakusteko jaiak bihurtu dira”, esan du Txapartegik.
Kirol probetan daude aurtengo berrikuntzak. Izan ere, haurrentzako toka txapelketa egingo dute lehen aldiz, Parte Zaharreko jai batzordeak antolatuta. Irailaren 6an egingo dute, Zuloaga plazan, 18:00etan.
Eta herri kirolei dagokionez, aurten emakumeak nabarmenduko dira. Izan ere, irailaren 6an, emakumeen trontza, harri jasotze, fardo jasotze eta txinga erakustaldia egingo dute Trinitate plazan, 17:30ean.
Musikari dagokionez, Xarnege taldearen emanaldia nabarmendu dute. Euskal Herriko eta Gaskoniako folk musika da, eta irailaren 12an eskainiko dute kontzertua, Trinitate plazan, 22:00etan.
Hurrengo egunean, irailak 13, leku berean Kauta talde andoaindarraren saioa izango da, 22:00etan.
Irailaren 6ko sagardo eguna, poesia orduak, olerki musikatuen arrakasta eta Zuloaga plazako zinema emanaldiak ere aipatu ditu Txapartegik. Eta baita herritarren parte hartzea bultzatuz, Konstituzio plazan egingo diren euskal dantzen erromeria eta dantza txapelketa ere.
Dena den, jarduera guztien xehetasunak