"Ezagutza da Oroimen historikoa berreskuratzeko giltzarria"
Oroimen historikoaren mapa da. Bertan, 1936ko estatu kolpearen ondorengo Gerra Zibilean eta ondorengo urteetan Donostian izan ziren une eta gune garrantzitsuenak ezagutzeko 110 leku zehaztu dituzte. Joxetxo Otegi historialaria aritu da mapa osatzen, eta bere hitzetan, “ez dira gertakari guztiak agertzen, baina agertzen diren guztiak baieztatu eta dokumentatu ahal izan ditugu”.
Mapa atal ezberdinetan banatu dute, bakoitza ikur batekin erakutsita. Hala, guda gatazkak gertatu ziren 27 leku zehaztu dituzte; bonbardaketak gertatu ziren 43 leku; atxiloketak gertatu ziren 16 leku; lau lurperatze gune; fusilatzeak egiten zituzten 11 leku; eta oroitzapenezko elementuak dauden 9 leku.
Informazio puntu bakoitzak historiaren azalpena, dokumentu historikoak eta argazkiak jasotzen ditu. Otegiren arabera, “lan honek ez du historiaren interpretaziorik egiten, gertakariak jaso eta erakutsi baizik, norberak bere ondorioak atera ditzan”.
Josetxo Otegiren esanetan, “bere historia ahazten duten herriak histori hori errepikatzera kondenatuak daude; historiak herri baten iragana, oraina eta etorkizuna markatzen ditu”.
Kasun honetan, oroimen historikoa Donostiara mugatu dute, nahiz eta gatazkak beste hainbat donostiarri ere eragin zien. Hortaz, bildutako datuen arabera, aztertu duten garaian 512 pertsona fusilatu zituzten, adibidez; 280 errepublikaren aurkakoak eta 232 errepublika zaleak. Fusilatze horietako batzuk taldekakoak izan ziren eta beste batzuk banakakoak.
Udalaren Giza Eskubideen atalaren bitartez edo Donostia Turismoaren webgunearen bitartez ikus daiteke Oroimen Historikoaren mapa.
1936ko uztailaren 18tik 1944ko azaroa arte Donostian izandako gertakariak jaso dituzte, hau da, Gerra Zibilaren hasieratik errepresio frankistaren hasiera artekoak.
Giza Eskubideen atalaren bitartez lau ardatz jorratu nahi ditu Donostiako Udalak: memoria historikoa berreskuratzea; bakea eta bizikidetza lantzea; giza eskubide guztiak errespetatzeko lan egitea; eta kanpoko gatazkei buruz informazioa ematea. Dela dela, alkatearen esanetan “ezagutza da oroimen historikoa berreskuratzeko giltzarria”, eta ezagutza hori bermatzeko herritarrei baliabideak eskaintzea dute helburua. “Gertatutako ezagutu, gertakari haiekin ikasi, eta akats berak berriro ez errepikatzeko lan egin” behar dela gaineratu du Izagirrek.
Ardatz horiei jarraituz, Giza Eskubideen webgunea berritu dute, elementu eta atal berriak gehituz. Alkateak berak, Imanol Telleria, Giza Eskubideen sailaren zuzendariak, eta Josetxo Otegi historialari eta Euskal Memoria Fundazioko kideak eman dituzte berrikuntzen berri.
Berrikuntza horien artean nagusiena,