Hainbat jarduera antolatu dituzte lanaren itzulpen prozesua partekatu eta gizarteratzeko.

‘Uda-gau bateko ametsa’ proiektuaren aurkezpena Donostia 2016 gunean egin dute. (Argazkia: Lide Ferreira)
2016an William Shakespeare hil zela 400 urte beteko direla hizpide hartuta, egile ingelesaren
Uda-gau bateko ametsa antzeztuko dute, 2016ko ekainaren 21ean, Egiako parkean. Shakespeareren obra bat euskaraz antzezten duten aurreneko aldia izango da; eta itzulpen prozesua nolakoa den erakusteko, hainbat jarduera antolatu dituzte. Proiektu honen berri eman dute Donostia 2016ko kultur zuzendari Xabier Payak; obraren itzultzaile Juan Garzia Garmendiak; eta Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkarteko ordezkari Arantzazu Rojok. “Antzezlanak duen europar dimentsioa eta arrakasta ikusita, 2016ko udako programazioaren apustu erakargarrienetako bat izango da”, nabarmendu du Payak.
Ahotsen Itsasargiaren baitan dagoen proiektu hau Juan Gartzia Garmendiak euskaratu duen arren, gidoia Patxo Telleriak egokituko du. Prozesu honen harira,
Shakespeareren ametsa biziarazten egitasmoa martxan jarri dute, hau da, itzultzailearen “sukaldeko lana” gizarteratzeko jarduerak egingo dituzte, lanaren ezaugarriak herritarrengana hurbiltzeko asmoz eta hauei prozesuan parte hartzeko aukera emateko. EIZIEk lau jarduera antolatu ditu:
Obraren itzulpen prozesua bera bi saioen bidez jarriko da ikusgai: alde batetik, itzulpengitzaren ikuspegi teknikotik; eta, bestetik, bertsolaritzaren ikuspegitik.
– Itzulpengintzaren Nazioarteko Egunarekin bat eginez, lehen saioa Gasteizko Letren Fakultateko Gradu Aretoan egingo da, bihar, irailaren 30ean. Antzerki lanaren itzultzaile Juan Garziaz gain, Shakespeareren lana gertutik ezagutzen duen Larraitz Ariznabarreta eta Maialen Berasategi itzultzailea izango dira bertan. Sukalde jolas horretan Garziak zenbait material prestatu ditu,
EIZIEren atarian ikusgai daudenak. Itzulpengintzako ikasle eta irakasleei bereziki zuzendua dagoen arren, edonor bertaratu daiteke.
– Bigarren saioan, bertso eskoletako jendearen parte hartzea sustatuko dute. Izan ere, Shakespeareren lanaren ezaugarrietako bat bertsoetan egina izatea da, eta alderdi horri ere erantzun behar dio itzultzaileak. Bertso eskolan ikasitako teknikak egile ingelesaren obra baten itzulpengintzan erabiliz gero, gertatzen dena ikusiko dute. Urriaren 30ean egingo dute saioa, Lugaritz kultur etxean.
- Shakespeareren euskarazko bertsioak
Uda-gau bateko ametsa lanaren euskarazko hiru itzulpen alderatuko dituzte azaroaren 20an, Udal Liburutegiko sotoan egingo duten mahai inguru batean.
- A Midsummer night’s Dream ingelesez eta gaztelaniaz
Shakespeareren zenbait lan itzuli dituen Angel Luis Pujante eta Juan Garzia bera Donostia 2016 egoitzan elkartuko dira azaroaren 27an,
Uda-gau bateko ametsaren ingelesezko eta gaztelaniazko bertsioak alderatzeko.
- Uda-gau bateko ametsaren bertsio berria sarean
Euskararen egunean, abenduaren 3an, EIZIEren webgunean irakurgai egongo da obraren bertsio berria.
Datorren urtean, egitasmoari jarraipena emango dioten beste hainbat jarduera egingo dituzte. Obra 2016ko ekainaren 21ean estreinatuko dute, eta lau astez jarraian egunero eskainiko dute Egiako parkean, hainbat hizkuntzetan. Donostian ez ezik, obra beste hiri batzuetara eramatea dute helburu.
[box]
PROGRAMA
- Itzultzailearen sukaldea, 1. saioa. Irailak 30, 17:00etan. Gasteizko Euskal Herriko Unibertsitateko Letren Fakultatean.
- Itzultzailearen sukaldea, 2. saioa. Urriak 30, 17:30ean. Lugaritz kultur etxean.
- Shakespeareren euskarazko bertsioak (mahai ingurua). Azaroak 20, 19:00etan. Udal Liburutegiko sotoan.
- UGBA ingelesez eta gaztelaniaz (solasaldia). Azaroak 27, 19:00etan. 2016 Gunea.
- UGBA 2014 sarean. Abenduak 3. EIZIEren webgunea.
[/box]