Kontsulten araudia osatzeko ardura udal taldeen esku dago orain, herritarrek egindako lana eta gero
joan den ostiralean, udaletxean. Donostian Demokrazia Zuzena ereduari atea irekitzeko helburuarekin, 50 bat donostiar eta eragilek hartu dute parte araudi zirriborro bat osatzeko garaian, Gizarte Eztabaida Taldearen izenpean. Lan horren fruitua da herri kontsultak egiteko araudi proposamena; bada, ostiralean komunikabideen aurrean egin bezala, gaur herritarren aurrean aurkeztu dute emaitza, Miramar jauregian.
Hain zuzen ere, araudi proposamenaren oinarrizko dokumentuaren edukien berri eman dute udal eta herritar talde horretako ordezkariek. Zirriborroaren ezaugarriak azaldu eta gero, Partaidetza zinegotzi Axier Jakak hartu du hitza. Jakak aurreratutakoaren arabera, udal taldeei dagokie orain herri kontsulten araudia osatzeko ardura, herritarrek euren ekarpena egin ostean. “Dokumentua mahai batera eramango dugu, eta mahai horretan udal talde guztiak egongo dira ordezkatuak. Bihar bertan egingo dugu lehen bilera. Udaleko lau taldeak egongo dira bertan, baita hainbat teknikari ere. Helburua araudi bat osatzea izango da, eta abendurako nahi dugu egin”, jakinarazi du zinegotziak. «Hausnarketa instituzional hori aurrera eramateko konpromisoa dago lau udal taldeen aldetik, eztabaidak araudi batean amai dezan”, erantsi du. Prozesuak abenduko udalbatzarrean bukatu beharko luke, proposamena araudi bihurtzeko bozketarekin.
Udal taldeen arteko mahaian herri partaidetzan aditu Fernando Pindado egongo da, teknikari gisa. Pindado Miramar jauregian izan da gaur, oinarrizko dokumentua egiten lagundu duen eragiletako bat izan delako. “Gai honetan ez dago estilo libururik, ez dago esperientziarik. Eta bidea ibiltzen egiten da, ibiltzea gero eta zailagoa izan arren. Berritzaile izan nahi dutenek erresistentziak topatzen dituzte beti”, azaldu du, eta Kataluniako kasua jarri du adibidetzat. “Donostian gauzatuko den hau garrantzitsua da, baina ez bakarrik donostiarrentzat. Beste alternatiba batzuk eraikitzeko aukera emango du”, esan du.
Hori bai, Pindadok zein Jakak aitortu dute herri kontsultak ezin direla lotesleak izan, legeak ez duelako onartzen. Hala ere, herritarrek euren iritzia emateak balio politiko handia duela adierazi dute, eta agintariek politikoki erantzun bat ematera behartuak egongo liratekeela azpimarratu dute.
Gizarte Eztabaida Taldeko kideek ere hartu dute hitza. Izaskun Egia izan da horietako bat. Herritar gisa aritu da lanean, eta sinetsita dago hasitako bideak ez duela atzera bueltarik. “Noizbait errealitate bihurtuko da”, esan du. “Asmo eta itxaropen desberdinekin elkartu ginen. Demokraziaren kalitatea hobetzeko bide bat zela ikusi genuen”, ekarri du gogora. “Eztabaida oso berritzailea iruditu zitzaigun. Helburua berritzailea zen, baina lan egiteko modua ere; eztabaida eta akordioak denen artean adostea hala delako. Eredu honek lotu gintuen estu proiektura”, azaldu du.
Bestalde, udaleko Partaidetza zuzendari Amaia Agirreolea izan da oinarrizko dokumentuaren ezaugarri nagusiak azaldu dituena. Honen harira, oinarrizko dokumentuak zehaztutakoaren arabera, gaur egungo sistema juridiko-politikoak demokrazia zuzena alboratzen du, garrantzitsuena, nagusia, ordezkaritza bidezkoa delako. Horixe da auzitegiek egin izan duten eta gehiengo politikoek mantendu duten interpretazioa, eta hala, 1978az geroztik ez dute hori aldatzeko lege-ekimenik sustatu. «Lehen interpretazio honek zaildu eta baldintzatu egiten du demokrazia zuzenaren garapena, baina garrantzitsua da aurrera egitea, hain zuzen ere, udal gobernuaren lehentasun politikoetako bat delako; eta herritarren eskaera bat delako; herritarrak erabaki kolektiboak hartzera erakartzeko duen ahalmen eta eraginkortasuna erakusteko modurik onena delako, politika herritar guztien eta ez gutxi batzuen ariketa bihurtuz», dio.
6.500 sinadura
Udal mailako herri kontsultaren helburua, azken finean, herritarrek udal eskumeneko gai jakin baten inguruan duten iritzia udalak ezagutu ahal izatea izango da. Sustatzaileak udal taldeak edo herritarrak izatea proposatu dute, beti ere oinarrizko dokumentuak jasotakoaren arabera.
Udal ekimenari dagokionez, edozein udal talderi egokituko litzaioke aukera; udalbatzarraren eskumeneko gaietan erabakia batzarraren gehiengoak hartu beharko luke eta Udal Gobernu Batzordeak onetsi beharko luke bere eskumeneko gaietan.
Herri ekimenari dagokionez, proposamena babestua dagoela egiaztatzeko, sinadura bilketa egin beharko lukete. Kontsultak hiri mailakoak izanez gero, 16 urtetik gorako biztanleen % 4ak eskatu beharko luke –2014ko erroldaren arabera, 6.500 sinadura–, eta auzo mailakoak badira, auzo horretako % 8ak.
Era berean, edozein udal taldek edo herritarrek, 300dik beherakoa ez litzatekeen sinadura kopuru baten bitartez, udalari kontsulta baterako deialdia egitea eskatzeko parada lukete, proiektu jakin batek baldintzak betetzen dituela uste izanez gero.
Oinarrizko dokumentuak jasotzen du zeintzuk izango duten bozkatzeko eskubidea. Hain zuzen ere, boto-emaileak 16 urtetik gora izan eta hirian erroldatuta egon beharko dute. Kontsultaren eremua hiria baino txikiagoa izanez gero, auzoa esaterako, botoa emateko zilegitasuna edukiko duten pertsona bakarrak beren helbidea lurralde-eremu horretan dutenak izango dira. Aste oso bat egongo da botoa emateko, eta inoiz ezingo da kontsultara deitu hauteskunde garaia denean.
Bozketaren emaitza jasotzen denetik edo izandako gorabeherei ebazpena ematen zaionetik 30 eguneko gehieneko epean, Gobernu Batzordeak edo Udalbatzarrak, zinegotzien gehiengoak horrela eskatuz gero, horri buruzko bere iritzi publikoa eman beharko du eta kontsultapean jarritako jarduera publikoari horrek nola eragin behar dion adierazi.
Berme neurriei dagokienez, kontsulta-prozesuaren inpartzialtasuna eta bermeak zaintzeko ardura duen organoa Demokrazia Zuzenaren Batzordea litzateke. Bere jarduera-aldia udal agintaldi osoa izango da, eta ez kontsulta jakin batena bakarrik.
Udal gobernuak eta Gizarte Eztabaida Taldeko ordezkariek herri kontsultak egiteko araudi proposamen bat aurkeztu zuten