Artikutza. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Artikutzako zazpi presa handienak kendu dituzte abuztutik iraila bitartean; pasa den astean amaitu zituzten lanak, eta Elama, Urdallue, Erroiarri eta Enobieta erreketako presa nagusietan jardun dute zehazki.
Garai batean, hornikuntzarako edo energia hidroelektrikoa sortzeko erabiltzen zituzten presak, baina sedimentuen dinamika aldatzen dute. Izan ere, sedimentu finak ibaian gora gelditzen dira, eta hala, aldatu egiten da ibaiaren zabalera eta sakonera. Axier Jaka, Ingurumen zinegotziaren arabera, “presak oztopo iraganezin bihurtzen dira habitat horretan bizi diren espezie askorentzat, eta beraz, presa horiek kenduta uretako ekosistema babestu egingo da”.
Artikutzan bizi den bizidun berezien artean, Pirineoetako muturluzea nabarmendu dute. Desagertzeko zorian dago, eta erreka bazterretan bizi ohi da.
Bestalde, neurri hauek Europak Artikutza Kontserbazio Bereziko Eremu izendatzeko lagungarri izango direla adierazi du Jakak.