Alkatearen bandoa, Oroimenaren Eguna dela eta
Duela hiru urte, Aieteko Nazioarteko Konferentziak eta bakearen aldeko bidean emaniko gainerako urrats zehatz eta nabarmenek euskal jendarte osoa itxaropenez betetzen zuten une historikoan Donostiako Alkatetzara iristeko ohorea izan nuen.
Horrelako egoera batek eskatzen duen arduraz jabeturik, bai aginte politikoaren ondorioz, baina baita helburu pertsonal gisara ere, gure herrian eta gure hirian bakea eraikitzeko bidean nire laguntza, babes eta sustapen guztia emateko erabakia hartu nuen. Bakea eraikitzeko eta baita gatazka politikoari zein bortxazko adierazpenei irtenbide politikoa emateko ere errepide mapa marraztu duen Konferentzia hau Donostian burutu izanak, hiriko Alkate gisara bakearen eraikuntzan eta elkarbizitza demokratikoan dudan konpromisoa areagotu baino ez du egiten, norabide horretan urrats berriak egitera
bultzatuz.
Nire indar eta uste osoz adierazi nahi dut, marko lokaletik bakearen eraikuntzan gauza asko egin ditzakegula, prozesuak aurrera egin dezan beste eragileek urratsak noiz emango zain egon gabe. Modu horretan, poliki-poliki, baina etenaldirik gabe, gure herriari etorkizun baketsua, justua eta iraunkorra ekarriko dion bidean aurrera egingo dugula baieztatu nahi dut.
“Bakea maite duen herri gisara, gure herriak aurrera egin dezan nahi dugu, oinarrizko zerbitzuak guztiei bermatuz. Izan ere, gure askatasuna ez da osoa izango eta gure demokrazia ez da egonkorra izango, bere oinarrizko beharrak asetzen ez bazaizkio. Egonkortasuna garapenarekin datorrela ikusi dugu. Era berean, badakigu bakea nazio batek edota komunitate batek bere garapenerako izan dezakeen tresna indartsua dela”.
New Delhin Nelson Mandelak 1995ean esan zituen hitz hauek gure herrira egoki daitezkeenak dira: bakea, tresna eraldatzailea da, eraldaketarako motorra da, berarekin guztiok irabazten baitugu eta inork ez baitu galtzen.
Bakearen eraikuntza honek guztion aldetik adimena zabaltzea eskatzen du, gure pentsatzeko modua eraldatzea, gure areriorengana hurbildu eta entzutea. Gure lan estiloa eta harremantzeko modua eraldatzea eskatzen du, hitzari dagokion pisu eta balio osoa onartuz eta, nola ez, libreki adierazitako borondatea beti errespetatuz. Horrek guztiak,denon partaidetza eskatzen du, bai pasa den iraganaz aritzeko, jasan dugun bortxakeria eta izan dugun sufrimendua azaltzeko eta baita etorkizuneko elkar bizitzarako oinarriak finkatzeko ere. Modu aske eta baketsuan adierazitako borondatearen errespetuan oinarrituriko elkarbizitza da nahi duguna.
Sufrimenduak guztiak batzen gaituelako
Bortxakeria, gure herriak pairatu duen eta pairatzen duen errealitate albora ezina da, edozeinen begien aurreko gertakari ukaezina da. Donostia izan da, seguruenik, bortxakeria horren adierazpen gogorra, gordina eta baita donostiar jendartearen zatikatzailea pairatu behar izan duen toki horietako bat. Ukaezina da ETAren bortxakeriak hildako, zauritutako eta zuzenean mehatxatutako pertsona edota biktima ugari sortu dituela gure hirian. Baina hori bezain argi dago Estatu espainiarrak bideraturiko bortxakeria bide ezberdinetatik hildako, zauritu, torturatu, desagertu e.a. asko sortu dituela. Hauek ere zuzenean eragindako biktimak dira. Gauzak horrela, Donostia gure
herriak pairatu duen sakoneko sufrimenduaren eredu argia da, bere herritarren giza eskubideak bortxatzen ziren egoeraren ispilu argia da gure hiria.
Gauzak horrela, Alkate gisara, giza eskubideen bortxakeria hauen guztien aurkako nire pentsaerarik irmoena azpimarratu nahi dut, bortxakeria politikoa dela medio sorturiko heriotzen aurkakoa eta, nola ez, alde anitzeko bortxakeria horrek urteetan eragin duen jendarte etsipenaren aurkakoa.
Era berean, biktima bakoitzak eta guztiek jasan behar izan duten sufrimenduarengatik nire atsekabea adierazi nahi dut. Hau guztia gertatu izana deitoratzen dut. Biktima ezberdinek jasandako sufrimendua ezin da eta ez da berdindu behar, ezta sailkatu ere. Guztiei zor diegu gure aitorpena eta babesa eta, nola ez, beraien inguruan elkartu behar dugu jendarte osoak.
Biktimen oinarrizko beharren aurrean agintari ezberdinok ez dugu guri zegokigun neurria ematen jakin eta, ondorioz, beren burua babesturik sentitu ez duten biktimei, beren sufrimenduan laguntzarik jaso ez dutela sentitu dutenei, uneren batean baztertuak edota erakunde politiko zein instituzionalen aldetik, ni neu barne, erabiliak izan direla sentitu duten biktima guztiei, nire nahigabea adierazi nahi diet.
Denbora luzeegian norberak “bereak” soilik begiratu izan ditu, bere “aldekoen” sufrimendua izan da kontuan hartu izan dugun errealitate bakarra eta ez dugu “besteek” jasaten zuten sufrimenduaren inguruan ezer jakin nahi izan. Zurrunbilo ero horretan, “besteen” sufrimendua bera gutxietsi izan dugu. Bortxakeriaren lehen biktima jendarte eta pertsona gisara dagokigun duintasuna da.
Donostiako Alkate naizen aldetik, eta bertako biztanleria osoaren pentsaera barnebiltzen dudala pentsatuz, gertatu denak ez zuela sekulan pasa behar baieztatzen dut. Baina aitormen hau egiten dudan indar berberarekin, arduraz beteriko beste honako benetako baieztapena egin nahi dut: guztion aldetik gure herrian edota hirian izan diren biktima ororen inguruan bat egiten ez badugu, adiskidetze prozesuak ez du aurrera egingo. Adiskidetzeak eta elkarbizitza demokratikoak ez dute gure herrian tokirik izango, ez badira aurretik guztiok barnebiltzen gaituzten oinarri sendoak jartzen, ez badugu aurretik gure herrian gertatu den guztia aitortzen.
Ezin dugu gehiago atzeratu bake bidearen eraikuntzarako ezinbestekoa den indar politiko guztien arteko batasuna. Eta bide horretan, gure herrian izan diren biktima guztien inguruko batasuna ere ezinbestekoa da eta ezinbestekoa izango da.
Guztion eskura
Guztiok geure buruari galdetu behar diogu: gure herriaren eta hiriaren garapen iraunkorrerako nahiz bakea eskuratzeko nire esku dagoen guztia egin al dut? Horixe izan zen Nelson Mandelak hego afrikar guztiei luzatu zien galdera, demokraziaren aldeko bidea oraindik hasteke zegoenean. Eta horixe da donostiar guztiok geure buruari egin beharko geniokeen galdera: nahikoa egin al dugu? Guztiok bakearen alde zerbait egin dezakegu. Eta ekarpen hori egin dadin eskatzea, posible ez ezik, beharrezkoa ere bada.
Murgilduta gauden bakearen eraikuntza prozesuak aurrean dituen oztopo eta blokeo saio guztiak gainditu eta bere bidean aurrera egin dezan gakoa da. Elkar ulertzera beharturik gaude. Etorkizun oparoagoa elkarrekin eraikitzea beharturik gaude. Donostia berria sortu behar dugu biharko belaunaldiek gure hirian eta herrian zer gertatu den jakin dezaten. Egia jakin behar dute. Egia osoa. Hori da gertakari hauek berriz errepika ez daitezen izan dezakegun bermerik handiena, hori da sufrimendu gehiago egon ez dadin egin beharreko bidea, bortxakeria gehiagorik izan ez dadin, beste
hildakorik egon ez dadin, giza eskubideak berriz bortxa ez daitezen. Eta hori ere gure esku dago, gutako bakoitzaren esku dago.
Gure herrian gertatu denaren inguruan ez dago kontakizun bakarra egiterik. Ikusmolde ezberdinak daude, baina ez dute zertan aurkakoak izan. Horregatik, guztion artean hausnartu eta finkatu behar ditugu aurrean dugun eztabaida sakon hau bideratzeko ezinbestekoak diren oinarriak.
Eta bide hori elkarrekin egiteko oinarrizko abiapuntu batetik abia gaitezke: eskubide guztiak pertsona guztientzat. Abiapuntu honek barnebiltzen duen elkarrizketa, akordioa eta esan beti “Bai”. “Bai” hitzari, “Bai” bakeari, “Bai” ez gelditzeari, “Bai” urratsak ematen jarraitzeari, “Bai” enpatiari, “Bai” benetako eta egiazko autokritikari, “Bai” eskua luzatzeari, “Bai” oinazea eta sufrimendua konpartitzeari. Gauza hauek subjektiboak eta norbanakoarenak badira ere, herri honetako herritar guztienak ere badirelako. Eta benetan diotsuet, konbentzimendu osoz, guztiok bat egin behar dugu “bai” delakoaren aldean. Bakearekin guztiok irabazten dugu, inork galtzen ez duelako.
Hitzetatik ekintzetara pasatzen hasteko garaia da
Hitzetatik ekintzetara pasatzen hasteko unea iritsi delako. Aldaketa guztiek denbora behar dute eta oker arituko ginateke, azkar joateagatik, benetako eta behin betiko bake eta normalizazio politikorako prozesuak ezinbestekoak dituen oinarrien sendotasuna arriskuan jarriko bagenu.
Neure buruari jarri nion beste lana, Donostiak urtetan pairatu duen bortxakeria politikoaren ondorioz sorturiko gatazkaren biktima guztiak barnebilduko dituen eztabaida bideratzeko aukera emango duen lur zorua prestatzen hastea zen.
Eta ez da lan erraza, ezta gutxiago ere. Bere konplexutasunarengatik ez dago gai hauen inguruan korrika edota presaz aritzerik. Testuinguru politikoak ere horretarako lagungarria izan behar du. Ez dut ezer berririk esango gure herrian edota udalean ere, arrazoi bat edo bestea dela medio, eta beti
interes politikoa erditik dagoelarik, gai hauetan aurrera egiteko beharrezkoak diren baldintza politikoak ez daudela azpimarratzerakoan. Baina hala eta guztiz ere, urratsak ematen ari dira. Eta hori beti izan behar da kontuan. Hor daude Instituzioen barnean zein kanpoan, Lokarrik eta NHTk sustatutako Jendarte Foro edo topaketetan edota Gasteizko Legebiltzarreko Bake Ponentzian ikusi ditugun ahaleginak.
Baina hauteskundeen lehiek edota interes politikoek ez dute bakea lortzea bezalako funtsezko gaiaren gainetik egon behar. Egin nahi dudan lanaren aurrean ohartzen naiz Donostiako Giza Eskubideen Aldeko
Batzorde Berezia oraindik osatu gabe dagoela, ia legealdi osoan bai PPk eta baita PSEk ere, bertan ez parte hartzeko erabakia hartu baitute. Eta, horrekin batera, begi bistakoa da egungo egoera politikoan gai honek eskatzen duen zorroztasun eta ardurarekin aurrera egiteko baldintza politikorik ez dagoela.
Eta horregatik guztiarengatik, egoera honen aurrean, Donostiako Bortxakeriaren Mapa osatzeko lehen ikerketa egin dezaten eskatu diet Aditu Independenteei. Euren izenak datorren egunetan emango dira aditzera, Udaleko Giza Eskubideen Batzordean partekatu Bortxakeriaren Mapak lantzeko egun ditugun dokumentuez gain, joan den legealdian Udalak osatu zuen biktimen zerrenda gehitu dut, bertan Españako Barne Ministerioak aitortzen dituen ETAk eragindako hilak soilik jasotzen diren arren. Zerrenda hau ez da osoa eta orain osatu eta biktima guztiak jasoko dituena bihurtu nahi dugu, zerrenda orokorra osatu nahi dugu, alegia, ikusmolde barne biltzaile eta errealarekin.
Modu berean, Eusko Jaurlaritzaren Elkarbizitza eta Bakerako Departamenduarekin harremanetan gaude, berak finkatu baititu Mapa hauek osatzeko borondatea adierazi duten tokiko entitateek kontuan izan behar dituzten irizpideak, hauek ere Departamenduak berak landuak izan direlarik.
Eta nik neuk, beste bi irizpide eman ditut lan hau egiterakoan kontuan har daitezen:
− Lehenik eta behin, Mapak gertatu den guztia jaso dezala nahi dut, lan hauetarako
− Eta, bestetik, lan honek lehia elektoral eta politikoetatik at geratu behar duela. Eta, nazioarte mailan erabiltzen diren zuzendaritzak errespetatuz eta baita Bortxakeriaren edota Oroimenaren Mapak egiterakoan nazioarte komunitateak finkatzen duen arau jokoa errespetatuz egin dadila.
Horregatik, ikerketa honen lehen emaitzak, beranduen jota, datorren urtarrilean ezagutu ditzagun nahi dut, gero lanaren emaitzaren inguruan ez dadin irakurketa okerrik edo elektoralik egin. Gaiak konfrontazio politikotik at geratu behar du.
“Gaur, azkenean!, gure bake gogoa asetzeko aukera errealaren aurrean gaude eta, bide horretan, kolonbiar guztiei dagozkien eskubideak bermatzeko atarian eta, nola ez, bereziki biktimena” esan zuen Kolonbiako presidentea den Juan Manuel Santosek joan den abuztuaren 25ean. Eta gure kasuan ere, esperantzaren faroak erakutsitako bidetik jo behar dugula pentsatzen dut, guztiontzat gogokoa den bakearen eraikuntzan.
Era berean, Giza Eskubideen Batzordetik datorren mandatuz, eta logika honetan kokaturik, hainbat ekimen garatzea espero dugu datorren abenduan bertan, gatazkaren biktimen zuzeneko parte hartzearekin eta nazioarteko bortxazko beste gatazketako biktimekin ere. Oraingo honetan Kolonbiakoekin, beraiek ere bakearen eraikuntzarako prozesuan murgilduta baitaude.
Bide beretik, jakin arazi nahi dut Udal Gobernuak datorren abenduaren 10erako, hau da, Nazioarteko Giza Eskubideen Egunerako, guztion artean eraikitzen ari garen bake prozesuan gure hirian aldaketa kualitatiboa ekarriko duen proposamena prest dugula. Epe laburrean, Udaleko Giza Eskubideen Aldeko Batzorde Bereziaren bilkura deialdia egingo dut eta bertan azalduko diet egitasmoa beste indar politikoei, donostiar guztiei jakinarazi
Azaroaren 10a
Epe laburrean, bake horren eraikuntzarako ezinbestekoak diren beste dinamika barne hartzaile, proaktibo eta zabal horietako bat bideratzeko aukera izango dugu, egun bizi dugun bake eta normalizazio prozesua indartzeko baliagarria izango dena eta ezinbestean etorkizunari begira jarriko gaituena.
Datorren astelehenean, azaroaren 10ean, Oroimenaren Eguna ospatzeko ekimen instituzionala garatuko dugu. Azken urteotan, gure hirian eta herrian gatazkak eragindako biktima guztien oroimenez ekimen isila garatu izan dugu udaletxearen aurrean dagoen monolitoan.
Askorentzako ez da leku barne hartzailea. Baina horrelako keinuekin, gatazkak eragindako biktima guztiekiko gure oroimena azpimarratzeaz gain, berriz ere, denontzako bilgune izango den tokiaren eraikuntzan parte hartzen dugu.
Espero dut astelehenean, azaroaren 10ean, guztiok bertan berriro elkartuko garela, lore eskaintza eta minutuko isilunean biktima guztien omenez egiteko. Proposamen hau, dagoeneko Udaleko beste taldeei jakin arazi diet eta, beste urtetan bezala, elkarrekin burutzea espero dut.
Juan Karlos Izagirre
Donostiako alkatea