Kontsumo arduratsua sustatu nahi dute
Ekonomia Solidarioaren Azokan 40 postu jarriko dituzte bihar, 2016 Gunean eta Larramendi kalean.
Ekonomia Solidarioaren II. Azoka egingo dute bihar hirian. Ekonomia pertsonen zerbitzura, hori da azokaren helburu nagusia. Ekonomia Alternatibo eta Solidarioaren Sareak (REAS) eta Euskal Herriko Merkatu Sozialak bigarrenez antolatu dute; iaz Bilbon estreinatu ziren, eta larunbatean Donostiako 2016 Gunea eta Larramendi kalea erabiliko dituzte 40 erakusleren txokoak erakusgai ipintzeko, 10:30etik 20:00etara.
Gaur egungo krisi ekonomikoa gainditzeko irtenbideak planteatzen dituzte sarean parte hartzen duten erakundeek. Horrela, irizpide etiko, demokratiko, ekologiko eta solidarioek garrantzi handia dute jardueretan parte hartzen duten enpresentzat, eta kontsumitzaileen beharren arabera ekoitzi egiten dute.
Biharko azokan ikusgai egongo diren postuetan, protagonista izango dira energia berriztagarriak, tokiko produktu ekologikoak, bidezko merkataritza, birziklapena, eta baita gizarteratzea, sentsibilizazioa, ekologia soziala eta lana lortzeko prestakuntza ere, besteak beste.
Bost gunetan banatuko dituzte jarduerak. Hala, azokaren gunean produktu eta zerbitzuen erakusketa eta salmenta egingo dituzte; auditorioa eta aretoan, antzerkia, aurkezpenak, hitzaldiak eta film laburrak eskainiko dituzte, eta txosnan, berriz, Peñascal taldearen produktu ekologikoak eskuragarri izango dira. Haurrentzako tartea ere izango da Txiki Gunean; bertan, Just Dance, aurpegi margotzea, ludoteka eta bestelako jarduerak antolatuko dituzte.
Alternatibak
Azokak merkatu kapitalistatik aldentzeko alternatibak erakusten ditu, REASeko koordinatzaile Carlos Askunzeren esanetan: «Azoka bide berriak ezagutzera emateko eta kontzientzia sortzeko tresna da. Iaz Bilbon 5.000 lagun bildu ziren, eta aurten Donostiara ikusle gehiago etortzea espero dugu».
Azoka bide berriak ezagutzera emateko eta kontzientzia sortzeko tresna da Carlos Askunze, REASeko koordinatzailea Merkatu ereduak hainbat sektore kolpatu ditu, bereziki emakumeak Arantzazu Santos, Aldundiko Lankidetzako zuzendariaGipuzkoako Foru Aldundiko Lankidetzako zuzendari Arantzazu Santosen arabera, formula kolektiboak bultzatzea da ekimenaren helburuetako bat. «Lehentasuna eman nahi diegu gizarteak dituen beharrei. Merkatu ereduak hainbat sektore kolpatu ditu, bereziki emakumeak», nabarmendu du.