'Bakearen Usoa'-k Saguesen izango duen diseinua aurkeztu dute
senideek eskutitz bat idatzi dute Udalak proposatutako kokapenarekin ados daudela eta eskultura itsasoaren ondoan egoteko diseinatu zela adieraziz.
Aurrera doa Nestor Basterretxearen Bakearen Usoa eskultura itsaso ondora hurbiltzeko proiektua. Iazko abenduan hasi zituzten obrak Saguesen, eta gaur proiektuaren diseinuak aurkeztu dituzte Donostiako alkate Juan Karlos Izagirrek eta Isuuruko arkitekto Aitzpea Lazkanok eta Carlos Abadiasek, Hiri Azpiegituretako eta Zerbitzuetako zinegotziarekin batera. Gaurko bileran, eskultura kokatzeko ikertutako kokagune posibleak aurkeztu dituzte, eta Saguesek urte bukaera aldera izango duen itxura zehaztu dute. Hain zuzen ere, obrak irailan hasiko dira, eta alkatearen esanetan, hiru hilabetetan bukatuko dituzte, 2016rako prest egon dadin.
Aurkezpenean bost kokaleku posible aipatu ditu Lazkanok. Hasiera batean Basterretxearen senideek eskutitz batean Saguesen jartzeko eskatu zioten udalari, baina arkitektoek beste aukera posibleak ikertzea erabaki zuten: “Eskultorearen familiak proposatu zuen Sagues hasieratik, baina beste toki posible batzuk zeudela iruditu zitzaigun. Dena den, eskultura kokatzeko zailtasun eta debeku asko aztertu behar izan ditugu, eta azkenean senideei arrazoia eman diegu, Sagues baite lekurik perfektuena zentzu guztietan”.
Aurkeztutako txostenaren arabera, Saguesekin batera Kursaaleko kubo handiaren Iparraldeko plaza (Ni Neu jatetxearen ondoan), Kursaaleko bi kuboen arteko Iparraldeko terraza (Jazzaldia ospatzen den terraza), parkineko sarreraren ondoko gunea eta surf lokalen gaineko plaza ikertu dituzte arkitektoek, beti ere, itsasoa gertu egotea helburu hartuta: “Lekua aukeratzeko ezin genituen alde batera utzi Kosta Legea eta oinezkoentzako legeak zehaztutako 20 metroko tartea, besteak beste. Kursaalean lege horiek urratzeaz gain, Jazzaldiko espazioa janda geldituko litzateke. Gainera, Eskulturak 4 tona pisatzen ditu, eta Kursaaleko terraza puskatuko luke”. Parkineko gunea ere baztertu dute arkitektoek, hain zuzen ere, 20 metroko tarte hori urratzen zuelako. “Legea urratzearekin batera, Kursaalak itzala egingo lioke eskulturari”. Surf lokalen gaineko tarteak ere arazoak ekarriko lituzke, Kosta Legea urratzearekin batera lokalak desagertaraziko litukeelako eskultura bertan jartzeak.
Hiru eskultura hiru itsasadarrentzako
Adostutako diseinu berriaren arabera, Bakearen Usoa Sagueseko puntan kokatuko dute, inguruan plaza zuri bat eraikiz. Horretarako, gaur egun bertan dagoen kiroletako kaiola lekuz aldatuko dute, haurren parkearen ondoan kokatuz. Kontzertu eta ekitaldietarako erabiltzen den plaza ere berrituko dute, baina kokalekua mantenduta. Abadiasen esanetan, jolas gunea eta aisialdirako eta paseatzeko lekuak bereiziko dituzte horrela: “Eskulturak lekua behar du inguruan, zentzua hartu behar du. Horregatik, inguru guztia berritu eta lurraren maila jaitsiko dugu, olatuak bertara iritsi daitezen. Ideia Txillidaren Haize Orrazia eta Oteizaren eskulturarekin marra imajinario bat sortzea da, hiru artisten obrak itsasadarretan lotzea, alegia”.
Abadiasen arabera, Basterretxearen familiak arrazoia zeukan Sagues aukeratzean: “Eskultoreak askotan adierazi zuen Bakearen Usoa itsasondoan egoteko eraiki zuela, eta bere beste eskultura askok adierazten dute paisaia natural batean egoteko pentsatu zirela, ez ingurune urbanoetarako. Ziur aski, Argentinan horrenbeste urte exilioan bizi izandako norbaitentzat garrantzitsua zen itsasotik gertu sentitzea”.
Alkateak ere Basterretxearen nahia betetzeko konpromisoa adierazi du: “Hiriak zor bat dauka eskultorearekin, eta Bakearen Usoa jatorrian merezi zuen lekuan kokatuta, zor hori kitatuko dugu, Basterretxeari merezi duen omenaldia eginez. Horrekin batera, Sagues plazari bizitza emango diogu, behin betiko urte luzez amaitu gabe egon den gunea edertuz”.
Nestor Basterretxearen