Basterretxearen senideek idatzitako eskutitza
2014ko urrian, Donostiako alkatetza gurekin jarri zen harremanetan. Bakearen Usoa Amaratik atera, eta Zurriola aldera eramateko asmoa zutela esan ziguten; Usoak Amaran izandako bizitza intentsua eta presentzia handia utzi, eta itsas aldamenean kokatu nahi zuten. Aldi berean, udaletxean biltzera gonbidatu gintuzten, euren proposamenaren argibideak emateko eta horri zer irizten genion jakiteko, ezertan hasi aurretik.
Usoa, guztiok dakigun bezala, itsas aldamenean kokatzeko sortu zen, eta hantxe inauguratu zen, Kursaal aldamenean. Hantxe egon zen Amarara, Aita Donostia plazara, behin-behinean eraman zen arte, auditorioa eraikitzeko lanak egin behar zirelako eta haren ingurua birmoldatu behar zelako aitzakiarekin. Horregatik, atseginez eta ilusioz hartu genuen alkatetzaren proposamena, gogoan hartuta zenbat bider ez ote genuen hitz egin aitarekin gai horretaz.
Udaletxeko bilera urrian bertan izan zen, eta han izan ginen Josu Ruiz, Amaia Almiral, Gari Mujika eta familiaren bi ordezkari. Bileran, esan bezala, Usoa lekuz aldatzeko arrazoiak azaldu zizkiguten. Bazekiten Nestorrek zer nahi zuen, askotan adierazia baitzuen eskultura itsas aldamenera buelta zedila nahi zuela, eta, horrela eginda, omendu egin nahi zuten Nestor. Zenbait kokalekuz hitz egin genuen –betiere Zurriola aldean–, eta Saguesen bukaeran kokatzea zirudien aukera guztietan egokiena. Familiakoak bat gentozen planteamendu harekin. Hortaz, zeuden aukerak aztertu ondoren, ostera gurekin harremanetan jarriko zirela gelditu ginen, eta, era berean, udaleko gainerako talde politikoei ere informazioa emango zietela.
Abenduan, alkatetzak beste bilera batera deitu zigun. Bileran, udal gobernu-taldeko eta familiako ordezkariez gain, isuuru estudioko bi arkitektok parte hartu zuten. Horiek egindako lanean, Usoa kokatzeko 5 toki aztertuta zeuzkaten, guztiak ere itsas aldamenean, Zurriola aldean, eta aukera bakoitzaren aldeko eta kontrako guztiak azaldu zizkiguten. Aukera haien arteko bosgarrenak oso esku-hartze interesgarria planteatzen zuen: Bakearen Usoa Saguesen amaieran kokatzen zuen, aisiarako eremu edertasun handiko baten ardatz nagusian, itsasora begira, inguruko paisaiarekin guztiz bat eginda; Usoa, horrela, indartuta ageri da, oinezkoak bertaraino erakartzen dituela, pasealekuaren bukaerara, eta behin hara iritsita, desnibelek eta harmaila leunek bertan gelditzeko gogoa pizten dute, Bakearen alderdi guztiez gozatzera.
Gure ustez, horixe da aukera egokiena. Izan ere, auditorioa eraikin ikusgarria da eta hiri-espazioa oso ordenatuta dago, eta, inguru horretan, zaila da Bakearen Usoaren eskultura, hain handia izanik, Sagues ez den beste leku batean integratzea. Gainera, proiektu honek amaiera emango lioke itsas ertzeko ibilbideari: Haizeen Orrazitik hasi, eta Oteizaren Paseo Berriko eskulturaren aldamenetik igarota, Sagueseraino, Basterretxearen eskulturaraino.
Esan gabe doa udal gobernuari eta udaleko talde politiko guztiei dagokiela konponbide egokiena bilatzea. Bakearen Usoa ez dadila desadostasunerako eta liskarrerako motiboa bilakatu.
Hondarribian, 2015eko urtarrilaren 12an
Basterretxeatarren familia