Proiektuaren bost urteko ibilbide oparoa ospatzeko jai bat antolatu dute iganderako, 12:30etik abiatuta. 2014ko datuen arabera, 33.521 emakume igaro dira zerbitzutik urtebetean
Egileak: Ane Urrutikoetxea / Estitxu Zabala / Aritz Sorzabal
Emakumeen Etxeko, udaleko eta aldundiko ordezkariak, Okendo kaleko egoitzan. (Argazkia: Ane Urrutikoetxea)
Okendo kaleko Emakumeen Etxeak bost urte beteko ditu aurten. 2010eko azaroaren 13an zabaldu zituen ateak, eta gaur egun emakumeentzat erreferente bihurtzea lortu du.
Datuek erakusten dute Emakumeen Etxea erreferentziazko gune bihurtu dela azken urteetan, izan ere, iaz 33.521 emakume igaro ziren etxetik eta, bataz beste, hilabetero 2.794 erabiltzaile izan zituen. Bost urteko ibilbide oparoa ospatzeko festa antolatu dute igande honetarako, eta egun osoan zehar ekitaldiak egingo dituzte. Hau guztia, Lilatoiaren ostean.
Hain zuzen ere, emakumeen lasterketa ere etzi egingo dute, eta berdintasunaren alde 4.000 emakumek egingo dute korrika. Horrenbestez, martxoaren hasiera jardueraz eta aldarrikapenez beteta dator, Nazioarteko Emakume Langilearen Egunerako bederatzi egun eskas falta direnean.
Batu-Poteoa, hasteko
Emakumeen Etxearen jaia 12:30ean hasiko da, Lilatoia amaitu eta gero, Batu-Poteoarekin, Parte Zaharreraino iritsiko dena. 13:30ean, Emakumeen Etxean memoriaren aurkezpena egingo dute, eta ondoren, Mugimendu tailerrak performace-a eskainiko du. 14:00etan, elkarteko koordinatzaileek ere beste ikuskizun bat eskainiko dute, eta ondoren catering-az gozatuko dute bertaratzen direnek. Amaitzeko, 14:45ean kontzertua eskainiko du Furia taldeak, eta ondoren Sabur taldeak karaokea antolatuko du, 15:30ean.
Gaur egun, guztira 332 bazkide ditu Emakumeen Etxeak, eta iaz 50 jardueratik gora egin zituzten; 28 ikastaro, 15 hitzaldi eta hiru erakusketa, tartean. Gainera, etxean bost zerbitzu iraunkor eta sei proiektu daude, harrera onarekin; 766 eta 85 erabiltzaile dituzte, hurrenez hurren.
Emakumeen Etxea Elkarteko dinamizatzaile June Gonzalezek azpimarratu du kide asko beste elkarte batzuetan ere ibiltzen direla eta hori oso aberasgarria dela: «Gipuzkoako emakume elkarte handienetakoa gara eta, bakoitza norbere ordezkaria izan arren, gehienak beste elkarteren batean ere ari gara, azken batean, elkarteen elkarte bat gara, saretzen ari dena, eta gure elkartea denon parte hartzearekin indartzen da».
Emakumeen Etxeko presidente Juana Arangurenek ere kideen aniztasuna azpimarratu du: «Gehienak donostiarrak bagara ere, badira inguruko herrietatik datozenak: Irun, Hernani…».
Gimena Zeitlig kideak, berriz, jarduerak eta tailerrak iragartzeko hilabetekari bat argitaratzen dutela azaldu du: «Emakumeen Etxean banatzen dugu, baita gure kideen artean ere, eta bertan jarduera guztiak jasotzen ditugu, hilabetero-hilabetero».
Hiru kideen esanetan, etxeak eraikin handiagoa beharko luke etorkizunean, jasotzen dituen emakume kopuruari eusteko: «Gehienek gomendio juridikoak eta psikologia zerbitzuak eskatzen dizkigute».
Emakumeen Etxearen bosgarren urtemugaren harira, Udaleko Berdintasun zinegotzi Naiara Sampedrok ere eman du bere iritzia, eta proiektuaren balioa goraipatu du: «Donostiako Emakumeen Etxea espazio erreferentea da gaur egun; emakume askok amestutako proiektua da, herri mugimenduaren eskutik sortutakoa, eta sendotu egin dela begibistakoa da».
Sampedroren arabera, etxeak sorrerako filosofiari eutsi dio: «Emakumeen Etxea proiektu aitzindaria, parte hartzailea, eraldatzailea, berritzailea, anitza, bizia, zabala, hezitzailea, eragilea, solidarioa, laikoa, autonomoa eta independentea baita».
Aldaketa antolakuntzan
Lilatoiari dagokionez, lasterketa ere igandean izango da, 11:00etan, Bulebarrean hasi eta amaituta. Lasterketaren arduradunak aldatu dituzte, baina betiko espirituarekin jarraituko dutela argi utzi dute. Hala, lehen aldiz, Donostiako Atletikok antolatu du jarduera, Lilaton Taldearen lekukoa hartuz, eta lehen aldiz ere izen ematean gehienezko partaidetza jarri behar izan dute.
Honenbestez, XXVI. Lilatoian, guztira, 4.000 emakume ibiliko dira igandean hiriaren erdialdeko kaleetan 5 kilometroko ibilbidea eginez; horietako 3.870 korrika, eta gainontzeko 130 lagunak patinen gainean.
Donostiako Atletikoko komunikazio arduraduna da Edurne Martinez de Trebiño, eta Lilatoi Taldeak antolakuntzaren lekukoa eurei ematearen arrazoiak aipatu ditu: «Bere sorkuntzatik kirolean berdintasuna bultzatu du Atletikok. Klubeko 1.000 kirolari federatuen artean, %60 emakumeak dira, kirol arrakasta ugarirekin, Espainiako Txapelketak bai taldeka eta bakarka atletismoan, olinpiarrak… Gainera, esperientzia du hainbat kirol jarduera antolatzen. Aurten, esaterako, Emakumearen VII. Triatloia antolatuko du, ekainan 27an».
Hala, antolatzaile berriek proba herrikoiaren apustuarekin jarraituko duten arren, berrikuntza batzuk ere gehitu dituzte aurtengo lasterketan: Dortsalak Gipuzkoa plazan banatuko dituzte; Bulebarreko erlojuaren inguruan informazio gune bat jarriko dute; proba bukatzean partaideek masaje bat jasotzeko aukera izango dute, Lukai Eskolako kideen eskutik; batukadarekin batera Donostiako musika eskolako ikasleen txaranga arituko da; eta Parte Zaharreko ostalariek Menulila eta Lilapote jarduerekin lasterketarekin bat egingo dute (Etxeberria taberna, La Colchoneria, Barandiaran taberna, Meson Portaletas, Aralar taberna, Okendo taberna-jatetxea eta Barbakana jatetxea).
Horretaz gain, partaideak saritzeko orduan maila berri bat sortu dute; 60+ izenekoa, hain zuzen ere. Antolatzaileen esanetan, 60 urtetik gorakoen partaidetza gero eta handiagoa da, eta adin tarte horretan dauden herritarren partadeitza ere sustatu nahi dute.
Lilatoirako prestaketari begira, Lilakorrika izeneko taldea sortu du aurten Donostiako Atletikok. Bi igandetan deia zabaldu du, emakumeak elkarrekin entrenatu zezaten, eta bi egun horietan 50 lagun baino gehiago batu direla esan dute. Hala, datozen urteei begira ere jarduerarekin jarraitzeko asmoa dutela aurreratu dute, Lilatoia urte osora zabaltzea baitute buruan.
Hitza Taldea, seigarrenez
IRUTXULOKO HITZA Lilatoian izango da aurten ere, seigarren urtez jarraian. Euskaraz parekidetasunerantz leloa soinean hartuta, Hitza Taldeko kideek elastiko arrosekin parte hartuko dute 26. Lilatoian. Igandeko lasterketa hasi aurretik bat egingo dute, Bulebarrean, elkarrekin egoteko.
Bat baino gehiago dira urtez urte Lilatoian Hitza Taldearen izenean parte hartu dutenak, eta harreman polita sortu dute elkartzen direnen artean. Aurten bederatzi lagunek ziurtatu dute euren partaidetza.
Eragiteko une egokia dela dio Bilgune Feministak
Bilgune Feministak agerraldi jendetsua egin zuen joan den larunbatean, Bulebarreko kioskoan, martxoaren 8ko Nazioarteko Emakume Langilearen Egunaren harira.
Berdintasunaren aldeko mugimenduko kideen arabera, «sistema kapitalista heteropatriarkalak» krisi sakona bizi du, eta egoera horrek aukera asko irekitzen dituela nabarmendu zuten: «Orain, inoiz baino gehiago, sortzeko, antolatzeko, eraikitzeko eta eragiteko dugun gaitasunean sinistu behar dugu. Euskal Herrian aldaketarako abagunea irekitzen den honetan feminismoaren sokari heldu eta eraldaketa soziala norabidetzeko ordua da, orain da momentua. Iparra argi dugu, Bagoaz Euskal Herriaren burujabetza feministarantz».
Euskal Herriak proiektu feminista bat behar duela berretsi zuten, «sexu bereizkeria eta zapalkuntza esparru guztietan gainditzeko, eta pertsonen zein bizi garen inguruaren bizitzak erdigunean jarriko dituen eredua eraikitzeko».
Lidergo feministaren osaketan urratsak emateko indarrak jartzeko unea dela aldarrikatu zuten. «Horretarako, batetik, subjektu feministen eztabaidan sakontzen jarraitu behar dugu, aliantza anitzak artikulatu ahal izateko. Bestetik, ezinbestekoa den emakumeen antolakuntza eta ahalduntze politikorako espazioak sortzen jarraituko dugu. Bukatzeko, Mugimendu Feministaren aitortza politikoaren berme izango den gune feminista iraunkorra martxan jartzeko baldintzak sortzeko gure konpromisoa azaltzen dugu», adierazi zuten.
Martxoaren 8an ere korrika egiteko aukera egongo da, euskararen alde
Lilatoia etzi ospatuko dute, baina datorren igandean, martxoaren 8an, korrika egiteko aukera ere izango dute herritarrek; kasu honetan, euskararen alde.
Hain zuzen ere, Donostiako AEK-k Binakako Lasterketa antolatu du datorren iganderako. Hiru modalidade izango ditu probak: neska-mutil, neska-neska eta mutil-mutil. Modalidade bakoitzeko lehenengo hiru bikoteentzat egongo dira sariak. Bikoteak elkarrekin sartu beharko dira helmugan, eta bietako azkenak ezarriko du denbora.
Irteera eta helmuga Bretxan izango dira. 10:30ean abiatuko da lasterketa, eta 6,25 kilometroko ibilbidea izango du.
Izena emateko epea martxoaren 6an amaituko da. Herrikrosa.eus webgunearen bitartez egingo ahalko da, eta bikote bakoitzak 20 euro ordaindu beharko ditu. Egunean bertan 25 euro balioko du, irteera baino ordu erdi lehenago izena emanez gero. Dortsalak probaren egunean bertan hartuko dituzte korrikalariek, Bretxan, 9:00etatik 10:00ak bitartean. Gehienez 300 bikoteentzat lekua izango da.
Poltsak edo bizkar-zorroak uzteko aukera izango da Bretxan, eta dutxak Kontxan egongo dira.