Udaleko langileak, Gurutze Gorria, DYA, FFC zerbitzua, Dbus eta suhiltzaileak lanean ibili dira, Martutenen eta Txomin Enean ibaiak gainezka egin eta gero.

Martutenen boluntarioak etengabe izan dira lanean egun hauetan. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Udalak jakinarazi duenez, 350 pertsona inguru ibili dira Martutene eta Txomin Enean lanean, euriteak eragindako kalteak konpontzen eta bizilagunei laguntza eskaintzen. Horrekin batera, udaleko hainbat langile krisi mahaitik erabakiak hartzen eta koordinazio lanetan aritu ziren joan den astean, ibaiak gainezka egin zuenean.
Lanean ibili ziren 350 lagunetatik 218 udaleko langileak izan dira, eta 120 Gurutze Gorria, DYA eta FCC zerbitzuetakoak. Horrekin batera, 74 suhiltzailek parte hartu dute auzoetako lanetan.
Guztira, 25 tona zabor eta 5 tona egur jaso dituzte, eta Dbusek jarritako zerbitzu bereziak –auzotarrek autoa Garberan utzi zezaten– 760 bidaiari jaso ditu.
Egindako lan nagusien artean, bizilagunei laguntza eskaintzea izan da nabarmenena; horrela, 200 lagun inguru lekuz aldatu dituzte urpean zeuden guneetan. Horrekin batera, behar medikuak direla eta, edo beldurragatik, hiru erreskate egin dituzte. Udalak suhiltzaileen etengabeko presentzia nabarmendu du 76 ordutan.
Lekuz aldatutako lagunetatik 32 Costa Vasca Hotelera eraman zituzten, eta horiekin lanean izan dira Gizarte Ongizateko hamaika lagun.
Bestalde, urak hartutako lokaletan ere etengabe izan dira lanean; tamaina ertain-handiko 12 lokaletan egin dituzte xurgatze lanak eta lokal txikietan beste hainbat.
30 hilabete
Juan Karlos Izagirre alkateak bizilagunen jarrera txalotu du: «Benetan ikaragarria izan da erakutsi duten jarrera, portaera eta konpromisoa, ez orain bakarrik, azken urte hauetan baizik. Lehenik, orain hiru urte gertatu zena gertatu zenean. Baita urte hauetan behin betiko irtenbidearen alde lanean erakundeen arteko mahaian inplikatu direlako ere. Larrialdietako Planaren diseinuan lan egin dutelako, eta Krisi Mahaian aurpegia ematen dutelako. Garbi dugu haiek gabe ez zela posible izango horrelako egoera bati horrela erantzutea».
Obrak hastear daude, eta 30 hilabeteren buruan uholdeek horrelako ondoriorik ez dutela ekarriko ziurtatu du Izagirrek: «Badakit asko eskatzea dela, beste 30 hilabete asko direla, gehiegi. Baina hori da irtenbidearen zailtasun teknikoek eskatzen duten denbora. Gure konpromisoa dute bizilagunek 30 hilabete horietan haien ondoan izango garela, udal hau, etor daitezkeen larrialdi egoeren aurrean prest egongo dela lehen minututik.