Udala, aldundia, Lanbide, EHU, Tecnalia, IK4, Gaia, merkataritza elkarteak, Nazaret, Sabadell Guipuzcoano... hainbat eragilek bat egin dute hiriko ekonomia sustatzeko
Ekonomia Sustatzeko 2015eko Plana udaletxean aurkeztu zuten, astelehenean. (Argazkia: Ane Urrutikoetxea)
Sustapenak aurtengo Ekonomia Sustatzeko 2015eko Plana aurkeztu du, astelehenean egindako agerraldi batean. Aurtengo helburua enpleguaren berrikuntza eta kalitatea bultzatzea direla zehaztu du. Horretarako, planerako 6.623.774 euroko aurrekontua bideratuko du, eta helburu nagusia hirian mila lanpostu sortzea izango da.
Sustapeneko zuzendari Euken Seseren arabera, azken urteetako bilakaera ekonomikoa aztertuta, hiriak suspertzeko joera erakutsi du, baina oraindik bada hobetzeko beharra: “Inguruko datuekin alderatuta, Donostiaren egoera ona da, %4,4 jaitsi baita langabezia tasa. Dena den, ezin ditugu ahaztu gaur egun lanik gabe dauden 10.700 donostiarrak. Horregatik, aurtengo plan berriarekin aberastasuna banatu eta enplegua sortzea izango da gure helburu nagusia”.
Auzoak aipatu ditu Sesek, eta Altzaren bilakaera goraipatu du: “Urte gutxitan asko jaitsi da Altzako langabezia kopurua, hiriko beste auzoekin alderatuz; oraindik Intxaurrondok du zulo beltza, baina plan honekin bertako hiritarrei aukera eskainiko diegu”.
Urtean mila lanpostu sortzeko erronkarekin batera, enpleguaren berrikuntza eta kontratuen kalitatea bermatzea dira Sustapenaren xede nagusiak; horretarako, udalean egindako agerraldian izan ziren agente, enpresa, erakunde, zentro teknologiko eta unibertsitatearen lankidetza izango dute: “Enpresa publiko eta pribatuen arteko kooperazioa ezinbestekoa da aurrera egiteko; horregatik, saltokien egoera aztertu eta bultzatzeko bideak jarriko ditugu”.
Plana sortzeko, Sustapenak kontuan izan du hiriak izandako bilakaera ekonomikoa, eta aurreko hiru urteetako planen balantzea aztertu dute; Sesek aipatu duenez, 3.080 enplegu eta 900 enpresa berri sortzea lortu dute plan horiei esker, lehiakortasuna eta nazioartekotzea hobetzeko 2.636 enpresari laguntza ematearekin batera.
Seseren arabera, hirian lanpostu berriak sortzeko puntu edo guneak daude gaur egun; horien artean aipagarrienak Tabakalera, Amara auzoa, ostalaritza eta Donostia 2016 dira.
Hurbileko merkataritza
Auzoetako merkataritza jarduerari euste aldera, hurbileko kontsumoa ere bultzatu nahi dute, gune bakoitzaren espezializazio komertziala berrituz –kirola, moda, artea, kultura, ikus-entzunezkoak–. Gainera, auzoetan jarduerak garatzea erraztu nahi dute, kontratazioa sustatuko duten neurri espezifikoak abian jartzearekin batera.
Hauek dira auzoetan bultzatuko dituzten proiektuak: Altzan merkataritza sustatzea –enplegu tailerrak, alokairuak–, Egia- sortzailea-Tabakalera –auzoa dinamizatzea, ekintzailetza, sortzeko laguntzak–, Grosteam Gros auzoko kirol merkataritza bultzatzea, merkataritza plana, belaunaldi aldaketa eta sustapena Amaran, Erdialdean moda sektorea bultzatzea, berrikuntzaren astea, SmartKalea proiektua, gizarte-berrikuntzako programa eta Donostia Open INN berrikuntza-plataforma irekia.