Ohiko bidaia agentzietatik bereiztu nahi izan du Kultour Bidaiakek, eta bezero bakoitzaren neurrira egindako irteerak eskaintzen ditu, duela hamabost urtetatik.
Ekhiñe Mendizabal; Kultour bidaiak agentziako kidea.
(Argazkia: Estitxu Zabala)
Aste Santuaren bueltan bat baino gehiago izaten dira oporralditxo bat egiten dutenak. Groseko Kultour Bidaiak agentzian izan da Irutxuloko Hitza, bertako eskaintzen berri izateko. Ekhiñe Mendizabalek (Andoain, 1977) bertako berezitasunen berri azaldu du atsegin handiz.
Zein da Kultour Bidaiaken jatorria eta filosofia?
2000. urtean sortu genuen agentzia. Beraz, hamabosgarren urtean gaude. Gure filosofia sortzeko garaian, betiko bidaia agentziek eskaintzen dutenaz gain, pixka bat betiko kalalogoetatik atera nahi duen jendearentzako eskaintza egitea izan zen. Bakoitzaren neurrira moldatzen gara, bai aurrekontu aldetik, bakoitzaren poltsikoaren neurrira, eta bai bidaia bakoitzean egin nahi denaren aldetik ere, bakoitzak aukeratu dezala zer egin nahi duen. Gure bezeroa da, nolabait gauzak antolatuak eraman nahi dituen pertsona, alegia, ez gara motxileroaz hitz egiten ari; baina bai hamabost eguneko bidaia luze bat egin nahi duena urrutira, baina badakiena egun horietan ezin duela inprobisatzen aritu. Bidaia goitik behera prestatzeko denborarik edo gogorik ez duen pertsonei begira pentsatzen dugu, baina behartu gabe dena antolatua eramatera.
Zer antolatu eta zer ez erabakitzen duzue orduan?
Guk bezeroei galdetzen diegu zein aurrekontu duten, eta zein aukera dituzten. Batzuk oso argi izaten dute nora bidaiatu, baina beste batzuk hainbat aukeren artean bueltaka ibiltzen dira. Saiatzen gara lehendabizi bezeroak duen planera zein aukera egokitzen den gehien ikusten, eta gero, bere ideiaren arabera egiten. Adibidez, batzuk esaten dizute hamabost egun dituztela eta erdia antolatuta egin nahi dutela eta gainontzekoa euren kontura, edo lotarako toki merkeak nahi dituztenak daude, baina azken bi egunetan hotel on batera joan nahi dutenak.
Nonbaitera antolatzen dituzue bidaiak bereziki?
Batez ere Europatik kanpo egiten ditugu. Izan daiteke Etiopia, Vietman, Armenia, Nepal, Peru… aukera pila bat daude, mundu osoa daukagu. Gero badaude interes zehatz batzuk dituzten bezeroak, eta askotan talde bidaiak ez zaizkie interesatzen, nahi dutenaren gauza bat ukitzen dutelako, baina gainontzekoa ez; orduan beraien neurria egiten zaie. Historia ikasi duten bezeroak, kirola egin nahi dutenak, abenturazaleak, bertako familia batekin bazkaldu nahi dutenak sukaldaritza ikasi dutelako… oso interes zehatzak egoten dira eta guztiak gustura uzten saiatzen gara. Baditugu ere gure bidaia propioak ez direnak ere. Taldean bidaiatu nahi dutenentzat, zerbait alternatiboa eginez, badaude horretara bideratutako enpresak, eta bidaia horiek ere saltzen ditugu: Afrika kamioiez egitea… Garai batean ere antolatzen genuen urtero udan bidaia bat euskara hutsean. Autobuseko gidaria, gida, partaideak… guztiak euskaldunak izaten ziren. Hiruzpalau urtez egin genuen, eta azkenean bertan behera utzi behar izan genuen. Hala ere, badugu berrartzeko gogoa kontuak hobetzean.
Hegaldi solteak ere saltzen dituzue?
Asko nabaritu da hegaldiak zuzenean Internet bidez erosten dituela jendeak. Hala ere, urte horietan guztietan asko saiatu gara horri itzulia ematen, eta Europatik kanpo bidaiatzeko oso tarifa onak lortu ditugu konpainiekin akordioak lortuta. Interneten argitaratuak ez dauden tarifak izaten dira, eta batez ere transozeanikoak saltzen ditugu, Ameriketako Estatu Batuak, Kuba, Asia guztia…
Zuen webgunea ere baduzue.
Bai, bi webgune ditugu; kultourbidaiak.com neurrirako bidaien inguruan, eta adibide batzuk jartzen ditugu, bezeroek ideia bat egin dezaten. Webgune horretan Erreserbak on line izeneko lotura bat dago. Interneteko denda bat da eta hegaldiak, ferrietarako txartelak, hotelak, zirkuituak, kruzeroak… denetik eskaintzen du, eta erabiltzeko oso erraza da. Eskaintza bereziak egiten ditugu tarteka aldez aurretik eskaerak egiten dituztenentzat.
Zeintzuk dira zuen bezero ohikoenak?
Talde txikiak eta bikoteak izaten dira bereziki. Talde handiak ere mugitzen ditugu eta auzoko betiko bezeroak ere baditugu; familiak gehienbat. Hemen lanean ari garenak beti berdinak gara, bezeroak ezagutzen ditugu eta euren izenez deitzen diegu. Euren intereseko zerbait ateratzen denean deitu egiten diegu, eta aurrekontuak 24 ordutan prestatzen ditugu. Gainera, nahi duenari euskaraz hitz egiten diogu eta gure eskura dagoen informazio guztia euskaraz ematen dugu.
Zuen bezeroek badute errepikatzeko joera?
Orokorrean badaude bezero batzuk urtero euren bidaia gurekin egiten dutenak. Kontua da, 2009tik asko nabaritu dela urtero bizpahiru bidaia egiten zituenak ezin duela hori egin, lanik gabe geratu delako edo bere aurrekontuak behera egin duelako.
Zein joera dituzte zuen bezeroek?
Adibidez, munduari bira emateko hegaldi dezente saltzen ditugu. Hego Amerika, Asia, Peru, Grezia, Vietnam… eta Kuba esaterako, asko. Urtarrileko salmenten %40, esaterako, Kubara izan da, bai hegaldi hutsak, bai gau solteak ere. Urte osoan zehar hiruzpalau eguneko irtenalditxoak ere saltzen ditugu, Europara: Berlin, Lisboa, Amsterdam, Erroma, Praga, Budapest…
Euren berri izaten duzue bidaiatu ostean?
Denei eskatzen diegu euren iritzia, gure zerbitzua hobetzeko. Europa mailan bidaiatzen dutenei beti ematen diegu gure eskuko telefonoa, arazoak badituzte konpontzeko. Asko itzultzen dira guregana eta oparitxoak ekartzen dizkigute, eta postal eta argazki asko ere jasotzen ditugu.
Nola dator Aste Santua?
Uste dut ez dela bidaia handi asko egiteko data izango aurtengo Aste Santua. Orokorrean bidaia txikiak eskatu dizkigute, Mediterraneoa, Landak, Andaluzia aldera… Bilbotik hegaldi bereziak ere atera dituzte data horietarako, eta gazteek bereziki autobus zirkuituak hartu dituzte, 200-300 euroren bueltan saltzen baitira.