Etxerateko kide Maider Alustiza, hitza hartzeko prest. (Argazkia: Aritz Sorzabal)
Presoei eta senideei babesa eskaintzen dizkioten hainbat pertsona atxilotu zituen asteazkenean Guardia Zibilak; osasuna zaintzen lan egiten duen Jaiki Hadi elkarteko kide Fernando Arburua preso ohi altzatarra, tartean. Berarekin batera, Etxerateko kide Nagore Lopez Luzuriaga eta Izaskun Abaigar, eta, Jaiki Hadi elkarteko Oihana Barrios atzeman zituzten. Atxilotuak Madrilgo Tres Cantoseko komisaldegian ari ziren atzo deklaratzen, eta litekeena da gaur eramatea epailearen aurrera. Aukeratutako abokatuak ukatu dizkiete, ikerketa berdinean daudela argudiatuta.
Hau guztiaren harira, Antiguako frontoian agerraldia egin zuen atzo Etxeratek, atxilotuei elkartasuna adierazteko. Hain zuzen ere, hainbat eragilek adostuta, manifestaziorako deia egin dute larunbaterako,
Preso eta senideen eskubideen defentsan, elkartasuna aurrera! leloarekin. Protesta Anoeta estadiotik irtengo da, 17:00etan.
Etxerateko ordezkari Maider Alustizak hartu zuen hitza agerraldian, zenbait eragiletako ordezkariren eta hainbat senideren babesarekin. «Duela bi hilabete gauzatutako operazioak defentsa juridikorako eskubiderik gabe utzi zituen presoak eta senideak. Orain, berriz, osasun eskubidearen kontra egin dute; osasun laguntza ukatu nahi zaie presoei, baita senideen laguntza ere», salatu zuen Alustizak.
Etxerat «jomugan» dutela nabarmendu zuen, presoen senideen elkartea «kriminalizatzen» ari direlako. «Ez dute gure lana gogoko, eta gure lana zein den gogora ekarriko dugu berriro: senideei laguntza eskaintzen diegu, laguntza psikosoziala eskaintzen dugu, furgonetak eta autobusak antolatzen ditugu kartzeletara joateko eta sakabanaketa amaitzeko lan egiten dugu».
Preso eta senideen aurka aplikatzen duten «mendeku politikari» aurre egiteko topagunea dela elkartea berretsi zuen, «espetxe politika anker hau ez delako bakarrik espetxean daudenen kontra, senideon kontra ere doalako bete-betean». Gogora ekarri zuen 26 urte bete dituela «salbuespeneko espetxe politikak», eta «mina» eta «samina» eragin dituela. «Horren guztiaren gainetik, senide eta lagunon konpromisoa bakea eta konponbidearekin dago, gertatu den guztia inoiz errepika ez dadin. Inork ez dezala berriz sufritu gu sufritzea egokitzen ari zaiguna», eskatu zuen.
Etxeratek jendartearen gehiengoarekin bat egiten duela berretsi zuen, eta konponbidearen bidetik jarraituko duela nabarmendu zuen, «salatu beharrekoa salatzen eta guztion ardura diren giza eskubideak, konponbidea eta bakea aldarrikatzen».