Donosti Berri Txirrindulari Eskolako kirolariak eta arduradunak gogor ari dira lanean; pistan zein errepidean emaitza geroz eta hobeak lortzen ari dira, bai bakarka bai taldean ere. Orain, gazte gehiagorengana iritsi nahi dute.
Jokin Sarasola, Xabier Mikel Azparren eta Manex Alkorta, Amarako Jaia bizikleta dendaren aurrean. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Aro berri bati ekin dio Donosti Berri Txirrindulari Eskolak. Talde gazte batek hartu du zuzendaritzaren ardura nagusia, denboraldi berriari ekiteko, eta pozik daude lortzen ari diren emaitzekin. Eskola kirola, kadete eta junior mailetako 36 txirrindulari inguru ditu klubak, eta bat baino gehiago dira emaitza politak lortzen ari direnak. Guztia antolatzeko, maila bakoitzean hainbat arduradun dituzte, eta horietako bat da Mikel Arana (Loiola, 1993); berak eman dio Irutxuloko Hitzari egungo egoeraren berri. «Beti dago berritzeko beharra, eta orain talde berri baten eskuetan dago ardura. Momentuz aldaketak ez dira nabarmenak, baina proiektu oso polita osatzen ari gara eta pausoz pauso taldea aurrera aterako dugu. Emaitzak onak dira momentuz, eta are eta hobeak iritsiko direla uste dut».
Zehazki, zazpi urte daramatza klubean Aranak: «Kadete eta juniorretan aritu nintzen Donosti Berrin, eta ondoren, erabaki nuen taldeei laguntzen aritzea; orain junior mailako arduradunetako bat naiz».
Pixkanaka emaitza hobeak lortzeaz gain, gazte gehiegorengana iritsi nahi du klubak. «Guretzat oso garrantzitsua da ahalik eta ume eta gazte gehien egotea klubean. Uste dut zaletasuna badagoela, eta poztasuna ematen du ikusteak jendeak txirrindularitza gogoko duela. Askotan ausardia falta dela uste dut txirrindularitza munduan sartzeko. Neskak ere faltan botatzen ditugu, egon izan dira, baina orain ez daude. Edozeinek dauka aukera, gutxienez proba egiteko, eta ia guztiak geratzen dira. Oso kirol polita da eta taldean oso giro ona dugu». Klubaren berri emateko asmoz, denboraldi berriaren aurkezpena egin zuen Donosti Berrik martxoan, Easo Kaleko 2016 Gunean. «Jendeari ikusarazi nahi diogu klub serio bat garela, gauzak ongi egin nahi ditugula eta ongi ari garela. Aurkezpena oso polita izan zen, han egon ginen guztiek tarte polita pasa genuela esango nuke».
Errepidean indartsu
Pista eta errepideko lehietan banatzen dute denboraldia. Negu aldean pistan ibiltzen dira, eta aurten txirrindulari batek ziklokrosa egiteko aukera ere izan du. Otsailetik uztaila ingurura, errepidean lehiatzen dira. «Emaitzen aldetik uste baino hobeto hasi gara. Pistan normalean errazagoa izaten da emaitza onak lortzea, partaide gutxiago egoten direlako; eta bai juniorretan eta bai kadeteetan podiumean egon ginen, challengean eta Gipuzkoako txapelketan. Errepidean junior eta kadeteak oso ongi hasi dira. Gainera, kadeteetan esan daiteke talde onena izaten ari garela, eta juniorretan ere bi aldiz irabazi dugu taldekako sailkapena. Beraz, oso emaitza onak izaten ari dira, bai bakarka bai taldean ere».
Kadete mailan denboraldi polita osatzen ari diren hiru txirrindulari dira Manex Alkorta (Antigua, 1999), Xabier Mikel Azparren (Gros, 1999) eta Jokin Sarasola (Amara, 1999). Aurretik zaletasunez bizikletan ibili ostean, bigarren eta hirugarren denboraldiak osatzen ari dira klubean. «Azkenean gure mailetan taldeko lana ez da hainbeste bilatzen. Taldeko lana baino taldekidetasuna dago, ez dugu lider zehatz batentzat lan egiten», azaldu du Azparrenek.
Ezin alaiago dago gainera Azparren bera, lortzen ari den emaitzak direla eta: «Challengean nahiko erregularra izan naiz, bi jardunalditan bosgarren egin nuen. Errepidean banuen ongi ibiltzeko asmoa, baina ez hainbesterako, Ibaetan eta Zarautzen irabazi egin nuen, eta hortik aurrera seigarren postuaren bueltan ibili naiz. Orain Gipuzkoako bakarkako kronoa eta Espainiakoak dira nire erronkak».
Alkortak ere lortu du jada garaipen bat: «Errepidean bi podium egin ditut jada eta Deban irabazi egin nuen. Pozik nago».
Sarasola, berriz, emaitza hobeen bila dabil: «Pistan gutxi ibili nintzen eta errepidean oraindik ez dut emaitza onik lortu. Lasterketak gero eta politagoak dira. Ea hobetzen dugun». Hala jarraitzeko asmoa dute, pedalkadaz pedalkada, goranzko bidean.